Autobus zerbitzuak ohiko ordutegia berreskuratu du

Iraia Oteiza 2023ko ira. 1a, 12:25

Autobus bat, Loiolako Inazioren hiribidean. (Lurraldebus)

Irailean sartzearekin batera, ohiko ordutegia berreskuratu dute Azkoitia-Donostia (UK01), Azkoitia-Zarautz (UK03), Beizama-Azpeitia (UK04), Zestoa-Ermua (UK05) eta Zumaia-Zumarraga (UK06) autobus zerbitzuek.

Irailarekin batera, ohiko ordutegira itzuli da garraio publikoa ere. Bailarako autobus zerbitzuek zenbait aldaketa izan dituzte abuztuan, baina Azkoitia-Donostia (UK01), Azkoitia-Zarautz (UK03), Beizama-Azpeitia (UK04), Zestoa-Ermua (UK05) eta Zumaia-Zumarraga (UK06) autobus zerbitzuek ohiko ordutegiarekin dihardute gaurtik hasita.

UK01 linean, ordu erdiro aterako dira berriro autobusak Donostiara, eta handik ere bai itzulerakoak. UK03 lineak ere, orduero eskainiko du Zarautzera joateko zerbitzua, abuztuan bi ordutik behin eskaini badu ere. Bestalde, UK05 linean ere orduero aterako dira autobusak Azpeititik Ermura (Bizkaia), eta eguneko lehen bi autobusak Zestoatik abiatuko dira (06:35ekoa eta 07:10ekoa). Ermutik itzultzeko ere orduero izango dira autobusak, baina horiek ez dira Zestoara iritsiko, Azpeitiko Tren Museoaren pareko geltokian egingo dute azken geldialdia. 

Normaltasunera itzuli da, halaber, Zumaia eta Zumarraga arteko UK06 autobus zerbitzua ere. Astelehenetik ostiralera orduero aterako dira autobusak Zumaitik 06:45ean hasi eta 22:45era arte; azken hori kenduta, gainerakoak Zumarragako ospitaleraino ailegatuko dira. Zumarragatik ere orduero aterako dira autobusak eta Zumaiaraino iritsiko dira, azken ordukoa, 22:50ekoa, kenduta, horrek Azkoitian egingo baitu azken geldialdia. Linea guztietan, gaueko zerbitzuak ere ohiko ordutegian izango dira.

Beizama eta Azpeitia lotzen dituen UK04 lineak ere gaur berreskuratuko ditu ohiko joan-etorriak. Astegunetan bederatzina zerbitzu eskaintzen ditu bi noranzkoetan.

La Guipuzcoana enpresaren webgunean daude eskuragarri ordutegi guztiak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide