Helduen Antzerki Sormen Laborategia jarriko dute martxan urrian

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 4a, 16:30

Bederatzi hilabeteko iraupena izango du tailerrak, eta Xanti Agirrezabala aktoreak gidatuko du. Urriaren 4an hasita, asteazkenero eskainiko dituzte saioak, 19:30etik 21:00etara. Irailaren 24an itxiko dute izen-ematea. 

Bueltan da Dinamoa sormen guneko Helduen Antzerki Sormen Laborategia, eta ateak ireki ditu "antzerkiaren bitartez eta gorputz espresioarekin sortu nahi duen edonorentzat". Gaur, irailak 4, ireki dute izen-ematea, eta zabalik egongo da hilaren 24a bitarte. 

Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarrak gidatuko ditu saioak, eta teatroaren bueltako jakin-mina edo zaletasuna duen edonork parte har dezake horietan. Ordu eta erdiko saioak eskainiko ditu Agirrezabalak, asteazkenetan, 19:30etik 21:00etara, Dinamoan bertan. Urriaren 4an irekiko dute laborategia, eta bederatzi hilabetez izango da zabalik. Agirrezabalak aurreratu duenez, ez da ohiko antzerki tailer bat izango, eta ikastaroan zehar ez dute ikasturte amaieran eskaintzeko obra bat sortuko. Bestelako ariketak eta saioak egingo dituzte, "norberak bere mugak ezagutzeko eta antzerkiak eskain ditzakeen tresnez jabetzeko eta horietaz probesteko". 

"Irudi eszenikoak sortzen, desegiten irakurtzen eta erabiltzen ikasten hasteko parada eskaintzen du laborategiak", adierazi du egitasmoaren sustatzailea den Kulturaz kooperatibak. "Gorputza da arte bizien muina eta arrazoia, gorputza eta honek berekin dakarren guztia: bere mugimendua, bere indarra, bere formak, bere adierak, bere kontraesanak, bere luzapenak, bere hustasunak, bere espazioak, bere bakardadeak eta bere kolektibitateak, bere ezkutukoak eta bere agerikoak. Arte bizi horien baitan biltzen dira antzerkia, dantza, zirkua, clowna eta bestelako hainbat proposamen eszeniko. Adierazpide guzti hauek arte plastikoekin, ikus arteekin eta idatzizkoekin nahasten diren lekuan hausten dira oholtzaren mugak". Era berean, azpimarratu dute "oholtzarekin, gorputzarekin, antzerkiarekin beste harreman modu bat nahi duen edonork" daukala lekua laborategian, aurrez inoiz ibili gabea izanda ere.

Izen-ematea Kulturaz.eus webgunean egin daiteke, hain zuzen, honako lotura honetan. Matrikularen prezioa 270 eurokoa da, baina Kultur Bonudunek, erretiratuek eta ikasleek 180 euro ordaindu beharko dute. 

- Dinamizatzailea: Xanti Agirrezabala.

- Hasiera-data: 2023eko urriaren 2tik 8rako astea.

- Amaiera-data: 2024ko ekainaren 24tik 30erako astea.

- Tokia: Dinamoa Sormen Gunea.

Eguna eta ordua: asteazkenak (19:30-21:00)

Matrikula-prezioa: 270 euro (hileko 30 euro).

Kultur Bonudunek, erretiratuek eta ikasleek 180 euro.

Matrikula-epearen hasiera: 2023ko irailaren 4a.

Matrikula-epearen bukaera: 2023ko irailaren 24a.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide