Salgai daude Pentsiodunen Eguneko bazkarirako txartelak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 6a, 10:40

Iazko Pentsiodunen Eguneko bazkariko irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Urriaren 1ean, Jubilatuen eta Pentsiodunen Nazioarteko Egunean, ospatuko dute beren eguna herriko erretiratuek. Bestalde, datorren astelehenean hasiko dituzte asteroko protestak.

Jubilatuen eta Pentsiodunen Nazioarteko Eguna izango da urriko lehen eguna, eta Baigera Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunen elkarteko kideek dagoeneko prest dute Pentsiodunen Egunerako egitaraua. 13:00etan emango diote hasiera, elkarretaratzearekin, eta ondoren, 14:00etan hasita, bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Bazkalostea girotzeko, berriz, erromeria izango dute han bertan.

Bazkarira joan nahi dutenek dagoeneko eros ditzakete txartelak; izan ere, atzo zabaldu zuten izen ematea. Txartelak hilaren 27ra bitartean egongo dira eskuragarri, Baigeran bertan, hogei euroan.

Elkarretaratzeak, astelehenetik aurrera

Udako oporraldia amaituta eta herritar gehienek beste lan urte bati hasiera eman dioten honetan, pentsiodunek ere berrabiarazi dituzte 2018ko urtarrilaz geroztik astelehenero egiten dituzten mobilizazioak. EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak zehaztu duenez, 80 herri eta hiritan egingo dituzte protestak astero, tartean, Azpeitian, eta baita eskualdeko beste lau herritan ere. Getarian herenegun egin zuten uda ondorengo lehenengo elkarretaratzea, eta Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian datorren astelehenetik aurrera egingo dituzte. Zestoan, berriz, astebete geroago berrekingo diete protestei, amabirjinak direla-eta; hilaren 18an, zehazki.

EHPMk salatu duenez, protestak hasi zituztenetik igaro diren 69 hilabeteetan "ez dira desagertu pentsiodunen arazoak". Are gehiago, haien egoera orain larriagoa dela diote: "Bizitzaren kostuaren igoera gure bizi baldintzak izugarri okertzen ari da. Prezioen igoerak gero eta zailago egiten digu elikadura osasuntsua eta sendagaiak eskuratzea, mugikortasuna eta tenperatura egokia bermatuko dituzten bizitzeko baldintza duinak izatea, mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitarioak eskuratzea eta abar. Nola mantendu eta hobetu daitezke gure bizi baldintzak gutxieneko pentsioa 743 eurokoa bada eta 1.080 eurotik beherako diru sarrerak baditugu?". 

Hori horrela, Euskal Herriko pentsiodunek beren ohiko aldarri nagusiari eutsiko diote kaleetara bueltan: "1.080 euroko gutxieneko pentsioa". Azpimarratu dutenez, gutxieneko pentsio hori berehalako konpromiso gisa hartzeko eskatuko diote Espainiako hurrengo gobernuari, baita gaia gobernu programan jaso dezala ere. Halaber, "aurtengo abendurako pentsioen erosteko ahalmenaren galeragatiko konpentsazio ordainsaria berrezartzea" ere eskatuko dute.

Horrez gain, pentsio sistema publikoaren finantzaketa bermatzea, pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzea, eta 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak eta erretiro adina 65 urte berrezartzeko azken erreformen murrizketak indargabetzea aldarrikatuko dute, besteak beste.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide