Gazte Kirol Programaren xehetasunak azaltzeko bilera egingo dute irailaren 19an

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 8a, 09:13

Azpeitiko kiroldegia.

DBHko ikasleei ariketa fisikoa egiteko zerbitzua eskaintzea da programaren helburua. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek astean saio bat egingo dute, kirol ezberdinak probatzeko. Egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko, bilera egingo dute irailaren 19an, 19:00etan, kiroldegian. 

Azpeitiko Udalaren Kirol Sailak duela bi urte jarri zuen martxan Gazte Kirol Programa, DBHko ikasleei ariketa fisikoa egiteko zerbitzua eskaintzeko helburuarekin. Izan ere, Lehen Hezkuntzarekin batera bukatzen da Eskola Kirolean aritzeko aukera, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteek ere kirola praktikatzeko aukera izan dezaten abiatu zuten proiektua. Zehazki, herriko kirol baliabideak zein diren eta herrian kirola egiteko zer aukera dituzten erakutsi nahi zaie DBHko ikasleei. Are gehiago, gazte horiek herriko edozein esparrutan beren kasa ariketa fisikoa modu osasuntsuan egin dezaten hezi nahi dituzte.

Aurreko urteetako esperientzien ondoren, aurtengoan ere programarekin jarraitzea nahi dute, eta horretarako, zabaldu dute dagoeneko izen ematea. Astean saio bat izango da, parte hartzaileekin
zehazten den egun eta orduan eta herriko kirol instalazio desberdinetan eta ekintza
desberdinak egingo dira.

Programaren inguruko xehetasunak azaltzeko, ekintza programa zehazteko eta zalantzak argitzeko, bilera egingo dute irailaren 19an, asteartea, 19:00etan hasita, kiroldegian. Egun horretan bertaratu ezin dutenek bide hauen bidez eskura dezakete informazioa eta egin dezakete izen ematea: 943-81 30 69 telefonora deituta edota azpeitigazteKP@gmail.com helbidera idatzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide