Egoitza berrian ekingo dio ikasturteari Udal Euskaltegiak

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 7a, 16:23

Udal Euskaltegiaren egoitza berriko sarrera, Telefonica zaharrean. (Azpeitiko Udala)

Perdillegi utzi eta Perez Arregira aldatu dira dagoeneko, Telefonicaren eraikin zaharberrituko lehen eta bigarren solairuetara. Matrikulazio kanpaina ere martxan dute, irailaren 27a arte.

Azpeitiko Udal Euskaltegian hasiak dira 2023-2024 ikasturteari begira lanean. Aurten ere, euskara ikasi edo maila hobetu nahi dutenentzat eskaintza osoa prestatuko du euskaltegiak, eta A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako tituluak ateratzeko aukera izango dute ikasleek. Goiz, arratsalde zein gaueko ordutegietan emango dituzte eskolak euskaltegian; eta horrez gain, "azken urteotako esperientzia ona ikusirik", hainbat mailatan online ikasteko aukera ere eskainiko dute.

Baina berrikuntza nagusia egoitza izango da: Perdillegi kaleko lehen zenbakian zuena utzi, eta Telefonicaren eraikin zaharberritura aldatu du dagoeneko egoitza euskaltegiak, Perez Arregi plazara. Hain zuzen ere, eraikin horren lehen eta bigarren solairuak hartuko ditu Udal Euskaltegiak, eta aldameneko atetik izango da euskaltegirako sarrera, Enparan kale aldetik. Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 18:00etara bertara jo dezakete ikastaroei buruzko informazio osoa jaso edota ikastaroren batean izena eman nahi dutenek. Irailaren 27an bukatuko da izen emate epea.

Beka sistemarekin, doan

Udalak aurten ere nabarmendu nahi izan du duela hainbat urte ezarritako beka sistemari esker "euskara doan" ikas daitekeela Azpeitian, "hainbat baldintza betez gero".

Horrela, ikastaroen berri emateaz gain, beka sistemaren inguruko xehetasunak ere azalduko dizkiete euskaltegian interesa dutenei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide