Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak bihar hasiko du denboraldi berria

Nerea Uranga 2023ko ira. 8a, 10:52

Lagun Onakeko gizonen talde nagusia denboraldi aurreko neurketa batean.

Etxean hasiko du 2023-2024ko sasoia Espainiako Hirugarren Mailako taldeak. Emakumeen taldeak, berriz, hilaren 23-24ko asteburuan hasiko du liga, etxetik kanpo. Lagun Onak futbol klubeko bazkide txartelak jasotzeko aukera gaur, ostirala, arratsaldean izango da.

Denboraldi aurreko ona eginda, 2023-2024ko ligako aurreneko jardunaldia jokatuko du  bihar, zapatua, Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeak. Azpeitiko futbol klubeko gizonen talde nagusiak etxean hasiko du denboraldi berria Pasaiaren aurkako partidarekin. 17:30ean hasiko da neurketa Garmendipeko futbol zelaian.

Lagun Onakeko gizonen bigarren taldeak ere asteburu honetan hasiko du sasoia. Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Urolaren kontra jokatuko du bihar, zapatua, 15:30ean, Garmendipeko belar artifizialeko futbol zelaian.

Lagun Onakeko emakumeen talde nagusiak irailaren 23 eta 24ko asteburuan hasiko du Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako liga. Etxetik kanpo jokatuko dute aurreneko jardunaldia, Ostadarren kontra, Lasarte-Orian (Gipuzkoa).

Bazkide txartelak jasotzeko

Lagun Onak futbol klubak adierazi du bazkide txartelak jasotzeko aukera gaur, ostirala, izango dela 18:00etatik 19:30era Garmendipe futbol zelaiko leihatilan. Bihar, berriz, partidaren aurretik 16:30 alderako irekiko dute leihatila.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide