Beldur eszenikoa lantzeko ikastaroa antolatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 9a, 11:37

Urko Arozena. (Udako Euskal Unibertsitatea)

Ikastaroa Urko Arozenak gidatuko du eta irailaren 16an izango da Basazabal jauregian, 09:30etik 13:30eara. Parte hartu nahi dutenek trikitixa@trikitixa.eus helbidera mezua bidali beharko dute irailaren 13rako, egun hori barne, eta 50 euro ordaindu –elkarteko bazkideek %15 gutxiago–. Leku mugatuak egongo direnez, lehebailehen izena emateko eskatu dute antolatzaileek.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak aurtengo ikasturtean antolatu nahi dituen lau ikastaroetatik lehenengoaren berri eman du. Besteon aurrean, zure onenean izenburupean, beldur eszenikoa landuko dute Urko Arozena irakaslearen gidaritzapean. Ikastaroa irailaren 16an izango da Basazabal jauregian, 09:30etik 13:30eara, eta parte hartu nahi dutenek trikitixa@trikitixa.eus helbidera mezua bidali beharko dute irailaren 13rako, egun hori barne, eta 50 euro ordaindu –elkarteko bazkideek %15 gutxiago–. Leku mugatuak egongo direnez, lehebailehen izena emateko eskatu dute antolatzaileek.

Musikeneko irakaslea da Arozena, eta hainbat urtez eman du Zoriontsu izateko entrenamendu mentala ikastaroa. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen eskutik Azpeitian eskainiko duen ikastaroan, bi eremu horietako ezagutzak uztartuko ditu: musika eta entrenamendu mentala. Hain zuzen ere, azken urteetan lankide zein ikasleekin bizitako esperientziak oinarri hartuta, zuzeneko egoerak eramangarri bihurtzeko tresnak ezagutaraziko dizkie parte hartzaileei. Arozenak 2019an argitaratu zuen Besteon aurrean, zure onenean liburua, eta hor biltzen ditu ikastaroan landuko dituzten gaiak.

Trikitixa elkarteak datozen hilabeteetan jakinaraziko ditu aurtengo ikasturtean antolatuko dituen beste ikastaroak zeintzuk dira. Hori bai, dagoeneko esan du lau ikastaroetan parte hartzen dutenek horietako bat doan egin ahal izango dutela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide