Udako etenaldiaren ondoren, beren aldarriak eta eskaerak plazara ateratzeari heldu diote dituzte Azpeitiko jubilatuek eta pentsiodunek asteleheneroko elkarretaratzeen bidez. Gaur, 12:00etan herriko plazan elkartu dira dozenaka herritar, beren aldarrikapenak kaleratzeko. EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Gipuzkoako Pentsiodunak mugimenduek adierazi dutenez, hainbat herritan irailaren 3an hasi zituzten elkarretaratzeak, eta gaur, berriz, Azpeitian bezalaxe Euskal Herriko beste 80 bat herri eta hiritan egingo dituzte protestak, 2018ko urtarrilean hasitako dinamikarekin jarraituz.
EHPMk salatu duenez, protestak hasi zituztenetik igaro diren 69 hilabeteetan pentsiodunen arazoak "desagertu baino areagotu eta larritu" egin dira: "Bizitzaren kostuaren igoerak nabarmen okertu ditu gure bizi baldintzak. Erosketa saskiaren prezioak nabarmen igo dira, eta pentsioen eta soldaten erosteko ahalmenaren benetako galera onartezina da. Prezioen igoerak gero eta zailago egiten digu elikadura osasuntsua eta sendagaiak eskuratzea, bizitzeko baldintza duinak izatea, mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitarioak eskuratzea eta abar. Nola mantendu eta hobetu daitezke gure bizi baldintzak gutxieneko pentsioa 743 eurokoa bada, edota emakume askok jasotzen duten kotizazio gabeko 484 euroko pentsioarekin?".
Kontuak horrela, pentsiodunek beren aldarri nagusiei heldu diote gaurko protestan ere: "1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dugu, pentsio guztiei benetako KPIa igotzea eta pentsioen genero arrakala amaitzeko neurri eraginkorrak hartzea". Jubilatu eta pentsioen arabera, "premiazko eskaera" da egiten dutena, eta aldarrikapen horri heltzen jarraituko dute.