Azpeitiko Udalak ikasturte berria hastearekin batera hainbat ikastaro eta tailer prestatu ditu; besteak beste, Haur Filosofia tailerra eskainiko dute aurten ere. Iaz antolatu zuten aurreneko aldiz, eta tailerrak haur eta gaztetxoen aldetik izandako harrera ona ikusita, aurten berriro eskaintzea erabaki dute.
Aurreneko aldian bezala, Azpeitiko Udalak Jakinmin elkartearekin batera antolatu ditu haurrentzako filosofia saioak. Tailerrak jolasaren bidez pentsatzeko eta hausnartzeko denbora hartzea du helburu.
LH3tik LH6ra arteko haurrei eta gaztetxoei zuzendutako saioak egingo dituzte, urrian hasi eta martxora bitartean. Hilean behin izango dira saioak, larunbatetan, 17:00etatik 18:30era, Basazabal formazio zentroan. Hain zuzen ere, honako larunbat hauetan izango dira tailerrak: urriak 7, azaroak 4, abenduak 2, urtarrilak 13, otsailak 3 eta martxoak 2.
Dagoeneko Haur Filosofia tailerrean izena emateko epea zabalik dago. Hemen eman daiteke izena edota udaleko Hezkuntza zerbitzura, 943-25 50 06 telefono zenbakira, deituta.