Egitarau oparoa, Esklabak Zentro Sozialistaren 5. urteurrenean

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 12a, 12:00

Esklabak Zentro Sozialistaren 4. urteurreneko argazkia.

Bost urte beteko ditu Esklabak Zentro Sozialistak urrian, eta horren harira, irailaren 23an ospatuko dute urteurrena. Tailerrek, askotariko ikuskizunek, bazkariak eta kontzertuek osatuko dute egitaraua, besteak beste. Sarrerak Haginpe eta Dean tabernetan, eta Kontseilu Sozialistaren sare sozialen bitartez eskuratu daitezke.

Bost urte beteko ditu Esklabak Zentro Sozialistak datorren urrian, eta hori ospatzeko asmoz egitarau oparoa aurkeztu du Kontseilu Sozialistak irailaren 23an egingo duten urteurren festarako. Bertara gerturatzeko eta ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek.

Egun osoko egitaraua osatu dute, eta 11:00tan hasiko dira lehenengo ekintzekin. DJ, eskalada, grafiti eta arku tiroko tailerrak izango dira goiz osoan zehar. Ondoren, 13:00etan, Txan magoaren ikuskizuna izango da, eta hori amaitzean, 14:30ean, bazkaria egingo dute.

16:30ean, YK Riders taldeak skate parkean eskainiko duen ikuskizunarekin, hasiko dute arratsaldeko egitaraua. Harrijasotze ikuskizuna eta kirol ikuskizuna izango dira ondoren; 18:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren, eta parrillada egingo dute ondoren. Maddi Gesalaga, Lierni Osa, Asier Antxia, Mikel Prat eta Mikel Martin izango dira harrijasotze ikuskizunean parte hartuko dutenak, eta Jon Lapeira ingudean arituko da.

Eguna amaitzeko Istilu eta Manitu taldeek kontzertuak eskainiko dituzte, 21:30ean hasita.

Sarrerak Haginpe eta Dean tabernetan, eta Kontseilu Sozialistaren sare sozialen bitartez eskuratu ahal dituzte bertaratu nahi dutenek. Egun osoko sarrera hamabost euroren truke eskuratu ahal izango da, eta kontzertuetara eta kirol ikuskizunera soilik bertaratu nahi dutenek zortzi euroren truke erosi ahal izango dituzte sarrerak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide