Eduki babestua

"Herritarrentzat produktuen aukera eta aisialdirako ekintza onenekin iritsiko da Stock Azoka"

Erredakzioa 2023ko ira. 14a, 17:32

40 saltokik parte hartuko dute ostiraleko eta larunbateko Stock Azokan. Horien guztien artean, Nerea Eskulanak dendak bere ateak itxiko ditu, betirako, asteburuko Stock Azoka igarota. Musika eskolako ikasleen emanaldiez eta zumba erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da, eta Kids&Us zentroak, berriz, zortzi hilabete eta sei urteko umeentzat tailerrak eta ekintzak eskainiko ditu.

Ostiralean 16:00etan hasi, eta larunbateko 20:00etara bitartean (ostiralean 16:00etatik 20:00etara eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara) izango da aurtengo Stock Azoka. Parte hartze garrantzitsua izango du azokak; Azpeitiko 40 saltokik eskainiko dituzte eskaintzak: Aitzaki kirolak, Esnaola Tien 21, Euskadi Sport, Ilargi, Jostaldi Kirolak, Larrañaga kirolak, Martina Isasti, Nerea Eskulanak, Oihele, Sein Briko, Ubbo, Urbistondo, Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Arantxa haur denda, Arku, Arrospide, Azkue mertzeria, Babesa moda, Biur, Bossi, Disdira, Furundarena, Geu, Iosu optika, KaÏoa, Kids&Us, Koket, Kotoi, Mendata, Mina mertzeria, Ohana Barefoot, Ordulari, Ostadar, Romaes, Tilin Talan, Ufito, Zume, Zuri Beltz.

Herriko saltokiek eskainiko dituzten pagotxak ugariak izango dira, izan ere, azken urteetako joera aldaketa ikusiz gero, aukera gehiago izango da Stock Azokan. “Herritarrentzat produktuen aukera eta aisialdirako ekintza onenekin iritsiko da Stock Azoka. Duela urte batzuk beherapenak uztailean izaten ziren, eta garai horretan saltzen ez ziren arropak jartzen ziren ondoren stockean. Herritarrak beherapenen zain izaten ziren, eta ia guztia saltzea lortzen zen beherapenetan, stockean oso arropa gutxi izaten zelarik. Gaur egun, ordea, beherapenak urte guztian zehar egin daitezke, eta ondorioz, garaiko arropa gehiago heltzen da Stock Azokara”, azaldu du Nerea Eskulanak dendako Rosario Ibaietak.

Ibaieta ahizpentzat, gainera, berezia izango da aurtengo Stock Azoka. Izan ere, Nerea Eskulana denda itxiko dute. 56 urteko ibilbidea izan du saltokiak, eta bere ateak itxiko ditu, betirako, asteburuko Stock Azoka igarota. “Azken egunak ditugu, beraz, eta Stock Azokaren baitan Azoka plazan jarriko dugun postuaz gain, denda ere zabalik izango dugu eskaintza bereziekin”, aurreratu dute.

Animazioa, pizgarri

Aurtengo edizioan, produktu aukera zabalaz gain, Bertan merkatari elkarteak saiakera berezia egin du kalean animazioa egon dadin Stock Azokak iraungo duen bi egunetan zehar. Hala, ostiralean Juan Antxieta Musika Eskolak kalejira egingo du eta ondoren, emanaldia eskainiko du plazan, 19:00etan. Bi ekintza horiekin musika eskolako ikasleek aurreko ikasturtean ikasitakoa jarriko dute praktikan, eta ikasturte berrirako matrikula egiteko epea iragarriko du musika eskolak.

Larunbatean tailer bereziez gozatzeko aukera ere izango da, Kids&Us zentroaren eskutik. Zortzi hilabetetik sei urte bitarteko haurrentzako antolatu dituzte, eta 11:00tatik 14:00tara eta 17:00tatik 20:00tara egingo dira. “Azpeitiari zerbait berezia eskaini nahi diogu. Hala, haur txikienentzat ekintza gutxi izaten direla kontuan hartuta, jolasak, tailerrak eta ekintza desberdinak prestatu ditugu: sentsazioak esperimentatzeko hareatzak, sukaldaritza saioak, edota ipuin irakurketak arkatz magikoarekin, besteak beste”, adierazi du Maite Etxanizek. Zenbait tailerretan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, eta horretarako, edota informazio gehiagorako, hemen begiratu dezakete herritarrek.

Bestetik, BERTI maskota ibiliko da kaleetan zehar eta Zumba erakustaldi ibiltaria izango da larunbatean 18:00tatik aurrera.

600 euroren zozketa

Stockean erosketak egiten dituztenen artean 100 euroko sei erosketa bonu zozkatuko dira. Irabazlea izan nahi baduzu, Azpeitiko merkatarien produktu bikainak prezio ezin hobean lortu nahi badituzu, zatoz ostiralean eta larunbatean egingo den Stock Azokara!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide