Joan den ostiral gauean, 23:11n, 6,9 graduko lurrikarak Marrakexko (Maroko) hego mendebaldea astindu zuen; Ighil udalerrian izan zen epizentroa, Atlas mendikatean. Al Hauz probintzia izan da kaltetuena, hainbat herrixka erabat suntsituta gelditu dira, eta errepideak itxita, hainbat herri isolatuta geldituz. Marrakex hiriburuan ere izan dira kalteak, batik bat Alde Zaharrean. Marokoko Barne Ministerioak herenegun emandako datuen arabera, gutxienez 2.862 dira hildakoak eta 2.562 pertsona zaurituak.
Marokoarren komunitatea handia da Azpeitian, Marokoko toki askotakoak bizi dira hemen. Urrutitik, baina kezkatuta jarraitzen dute beren familiek eta jaioterriko bizilagunek eta lagunek bizi duten egoera. Esaterako, Mustafa Essayad Marrakextik 200 kilometro ingurura dagoen Beni Melal-ekoa da. Arreba, ama eta beste hainbat senide bizi ditu inguru hartan. "Lurrikararen epizentrotik urruti bizi dira, baina arrebak esan zidan ostiral iluntzean dardara handia sentitu zutela etxean, eta lurrikara izan ondoren bi gautan errepliken beldurrez etxetik kanpo egin zutela lo. Badakit ondo daudela familiakoak, baina horrelako egoera batean kezka handia izaten da; esango nuke, han bizi diren familiakoak baino urduriago gaudela. Izan ere, ama adinekoa da eta urruti gaude", kontatu du. Lurrikararen ondorioz, marokoar asko etxerik gabe eta "egoera tamalgarrian" gelditu direla nabarmendu du.
Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, Azpeitian ere herrikideei laguntza bidaltzeko antolatzen hasi dira marokoarrak. Azpeitian laguntza biltzeko antolatu duten taldeko kideetako bat da Said El Alaui. "Lurrikararen ondorioz, hainbat herrikide etxerik gabe eta ezer gabe gelditu dira, eta horren aurrean, guk ezin dugu geldirik egon. Beraz, haiei laguntza bideratzeko dirua biltzen hasi gara", dio.
Nola lagundu
Atzo eguerdirako 1.340 euro bilduta zituzten Azpeitian. "Dirua bakarrik bilduko dugu Marokora bidaltzeko. Ezin dugu elikagaiak, arropa edota mantak biltzen hasi, Marokora bidaltzeko garraioa garestia delako eta aduanan arazoak izan ditzakegulako", adierazi du. Marokora bidalitako dirua kaltetuei laguntzera bideratuko dutela bermatuko dutela azaldu du El Alauik: "Marokon boluntario laguntzen ariko diren herrikideekin hitz egin dugu, eta haiek han dirua elikagaiak, mantak... erosteko erabiliko dute. Gainera, dirua zertan erabiltzen den erakusteko argazkiak-eta aterako dituzte".
Norbaitek laguntza eman nahiko balu, Azpeitiko meskitara zuzendu beharko du edota El Alauirekin harremanetan jarri, 631 05 58 97 telefono zenbakira deituta. Ostirala bitartean bilduko dute laguntza: "Denbora pasatzen ari da, eta ahalik eta azkarren helarazi nahi diegu laguntza kaltetuak izan direnei".