Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Eudeleko presidenteorde karguan jarraituko du

Nerea Uranga 2023ko ira. 13a, 10:07

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea.

Eudel Euskal Udalen Elkarteko zuzendaritza osatzeko akordioa egin dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta udal plataforma independenteetako ordezkariek.

Eudeleko presidentea aldatuko da, baina presidenteorde karguan aurreko agintaldiko berek jarraituko dute. Euskal Udalen Elkarteko zuzendaritza osatzeko akordioa erdietsi dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta udal plataforma independenteetako ordezkariek, eta zerrenda bakarra aurkeztuko dute datorren asteartean egingo duten agintaldiko lehen bilkurara.

Presidentea Esther Apraiz jeltzalea –Derioko (Bizkaia) alkatea– izango da, Gorka Urtaranen lekua hartuz. Presidenteordeak, baina, aurreko agintaldiko berak izango dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea EH Bildukoa eta Jose Antonio Santano Irungo (Gipuzkoa) alkatea PSE-EEkoa.

Egindako akordioaren arabera, Eudelen batzorde exekutiboa hamabost ordezkarik osatuko dute: EAJko eta EH Bilduko seina kide, PSE-EEko bi kide eta Zalla Bai plataformako Joseba Andoni Zorrilla.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide