Lehen sorospen ikastaroa eskainiko du DYAk urrian

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 14a, 12:36

Urriaren 23tik 27ra egingo dute ikastaroa, Basazabal Jauregiko 2. solairuan. Egunerokotasunean aurkitu daitezken arrisku egoerei aurre egiten ikasi nahi duen orok eman ahalko du izena, DYAren webgunearen bitartez.

DYAk lehen sorospen ikastaroa antolatu du urrirako, Azpeitiko Udalaren laguntzaz. Saio teorikoak eta praktikoak uztartuko ditu ikastaroak, parte hartzen dutenek lehen sorospenetako oinarriak barneratzeko asmoz. Egunerokotasunean aurkitu daitezken arrisku egoerei aurre egiten ikasiko da; hala nola, bihotz biriken suspertzea, zauriak, hausturak eta erredurak, eta larrialdi egoera horien aurrean nola jokatu landuko da.

Urriaren 23tik 27ra egingo da ikastaroa, Basazabal Jauregiko 2. solairuan (Enparan kalea, 18), eta 18:00etatik 20:00etara izango dira saioak. Euskaraz izango dira saioak. 60 euroko kostua izango du ikastaroak; hala ere, ikastaroan %90eko asistentzia baino gehiago duten Azpeitian erroldatutako ikasle eta langabetuei matrikula itzuliko zaie. Esan bezala, oinarrizko maila izango du ikastaroak, eta ez da aurretiazko osasun ezagutzarik izan beharko. Taldea kopuru mugatukoa izango da.

Izena ematea edota informazio gehiago eskuratzea nahi dutenek DYAren webgunera jo dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide