Nerea Astigarragaren 'Van Gogh Unibertsoa' erakusketa izango da Foru ibilbideko aretoan, bihartik aurrera

Iraia Oteiza 2023ko ira. 14a, 13:09

Vincent Van Gogh margolariaren gaiak jorratzen dituen bilduma da, artistaren ezaugarri den trazuen teknikaren bidez azpeitiarrak modu autodidaktikoan garatu duena. Lanak irailaren 15etik 30era bitartean egongo dira ikusgai.

Nerea Astigarraga artista azpeitiarraren Van Gogh Unibertsoa erakusketa Foru ibilbideko aretoan egongo da ikusgai bihartik hasi eta irailaren 30era bitartean. Artistak azaldu duenez, Vincent Van Gogh margolariaren gaiak jorratzen dituen bilduma osatu du, eta herbeheretarrak erabil ohi zuen trazuen teknika erabiliz, modu autodidaktikoan garatu du lana azpeitiarrak. Guztira hamar edo hamabi koadroz osatutako erakusketa egongo da ikusgai. 

Astigarrak adierazi duenez, nahasmendu bipolarraren ondorioz urteetan izan duen minari aurre egiteko eta egoera gainditzeko balio izan dio arteak, baina baita bertatik sortzeko modu berri bat ateratzeko ere. "Arteterapiaren onurak aurkitu ondoren egin dudan pinturen bilduma txikia da orain publikoarekin partekatu nahi dudana", nabarmendu du.

Lanak irailaren 15etik 30era bitartean egongo dira ikusgai, Azpeitiko Foru ibilbideko aretoan. Astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara egongo da erakusketa ikusteko aukera; asteburu eta jaiegunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide