Hasi da Bertan merkatarien elkartearen Stock Azoka

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 15a, 17:22

Gaur arratsaldean, 16:00etan, hasi da azoka, eta 20:00etara arte izango da zabalik. Bihar, berriz, goiz eta arratsalde egongo dira postuak zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Guztira, 40 saltokik parte hartuko dute ekintzan, eta kale animazioa nahiz tailerrak ere izango dira.

Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak antolatuta, udaberri-uda denboraldiko produktuen Stock Azoka egingo dute Azpeitiko saltokiek asteburuan. Gaur arratsaldean, 16:00etan, hasi da azoka, eta 20:00etara arte izango da zabalik. Bihar, berriz, goiz eta arratsalde egongo dira postuak zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Guztira 40 saltoki izango dira ekintzan parte hartu eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio ezin hobeetan eskainiko dituztenak. Stockaren gune nagusia Azoka Plaza izango da; han, hamabi postu aurkitu ahal izango dira: Aitzaki Kirolak, Esnaola Tien 21, Euskadi Sport, Ilargi, Jostaldi Kirolak, Larrañaga Kirolak, Martina Isasti, Nerea Eskulanak, Oihele, Sein Briko, Ubbo eta Urbistondo. Beste 28 saltoki hauek ere parte hartuko dute azokan: Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Arantxa haur denda, Arku, Arrospide, Azkue mertzeria, Babesa moda, Biur, Bossi, Disdira, Furundarena, Geu, Iosu optika, KaÏoa, Koket, Kotoi, Mendata, Mina mertzeria, Ordulari, Ostadar, Romaes, Tilin Talan, Ufito, Zume eta Zuri Beltz.

Haurrentzako tailerrak eta kale animazioa

Kids&Us-ek eta Ohana Barefoot-ek, berriz, plazan jarriko dituzte postuak bihar. Kids&Us-ek haurrentzako jolasak ere eskainiko ditu bihar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. 8 hilabetetik 6 urte bitarteko haurrentzako tailerrak izango dira eta zenbaitetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, hemen.

Kale animazioarekin eta dinamizazio ekintzekin osatuko dute Stock Azoka. Gaur, 19:00etan, Juan Antxieta musika eskolakoek emanaldia egingo dute plazan, eta horren aurretik kalejiran ibiliko dira Stock Azokako postuak jarriko dituzten guneetan. Azpeitiko merkatarien elkartearen Berti maskota ere ibiliko da kaleetan bi egunetan, eta zumba erakustaldi ibiltaria izango da bihar, 18:00etatik aurrera. Azkenik, Stock Azokan erosketak egiten dituztenek ehun euroko sei erosketa bonuren zozketan parte hartuko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide