Ospakizun eguna izan dute gaur Lurgintza kooperatiban; izan ere, egoitza berriaren inagurazio ekitaldia egin dute. Gipuzkoako nekazari, abeltzain eta basogintzako enpresen aholkulari aritzen den kooperatiba da Lurgintza, eta 50 urtetik gorako ibilbidea du. Azpeitian izan du beti egoitza, eta aurten, Jose Artetxe kaletik Landeta auzora lekualdatu da. "2023a oso urte berezia da Lurgintzarentzat, bulego berria erosi baitu. Oraingo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko lanean segitzeko erreminta izango da lokal berria", azpimarratu du Arantzazu Martiarena Lurgintzako kudeatzaileak.
Ospakizun giroan egin dute ekitaldia, bulego berria kooperatibako kideez eta erakundeetako ordezkariez beteta zela. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz, Azpeitiko Udaleko alkateorde Leire Goenaga eta EHNE sindikatuko ordezkari Garikoitz Nazabal izan dira, besteak beste, Lurgintzaren bulego berriaren inaugurazioan.
Bi dantzarik aurreskua dantzatu dute, eta Anarro Imaz Lurgintzako presidenteak zinta moztu du. Ondoren, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Imanol Lazkano bertsolariek abestu dute, eta Lurgintzako eta erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza.