185 erraldoi txiki jarriko dituzte erakusgai Betharrametako aretoan

Nerea Uranga 2023ko ira. 17a, 15:12

Idoia Ortega eta Gorka Alonso Betharrametako erakusketa aretoan. (Nerea Uranga)

Asteartean zabalduko dute erraldoi txikien erakusketa, eta irailaren 30era bitartean egongo da ikusteko aukera. Gorka Alonsoren eta Idoia Ortegaren bilduma da.

Gorka Alonso elgoibaitarrak eta Idoia Otega eibartarrak 185 erraldoi txikiren bilduma dute osatuta. Horiek guztiak jarriko dituzte erakusgai Azpeitiko Betharram erakusketa aretoan. Asteartean zabalduko dute, eta irailaren 30era artean izango dute erakusketa zabalik. Honako ordutegia izango du: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

2019an hasi ziren erraldoi txikien bilduma osatzen Alonso eta Ortega, eta dagoeneko 185 ale inguru dituzte bilduta. Euskal Herrikoak dira gehienak, baina badituzte beste lurralde batzuetako erraldoi txikiak ere: "Kataluniakoak, Zaragozakoak, Belgikakoak eta Madrilgo bakar bat". Elgoibarko (Gipuzkoa) etxean izaten dute bilduma gordeta: "Erraldoiak gordetzeko apalategi berezia egin genuen etxean". Beren bilduma jendeak ikusteko aukera izan dezan, "urtean behin-edo" erakustea nahiko lukete.

Azpeitian irekiko dutena bigarren erakusketa da. "Aurreko urte batean Elgoibarren ireki genuen erraldoi txikien erakusketa, eta hogei egunetan mila herritarrek bisitatu zuten. Ea Azpeitian bisitarien kopuru hori gainditzen dugun!", dio Alonsok.

Azpeitiko saninazioetan Umeen Egunean egiten den erraldoien desfilea eta jaialdia "oso gustukoak" dituztela diote biek: "Egun horretan beti izaten gara Azpeitian erraldoien desfilea ikustera etorrita".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide