Inazio Deuna txirrindularitza saria jokatuko dute zapatuan

Nerea Uranga 2023ko ira. 18a, 08:45

Iazko Inazio Deuna txirrindularitza sariaren une bat. (Ihintza Elustondo)

Bigarren urteko kadeteak eta juniorrak lehiatuko dira Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatutako proban. 15:30ean irtengo dute, Ikasberri ikastolaren ataritik.

Dataz atzeratuta jokatuko dute aurtengo Inazio Deunaren txirrindularitza saria. Izan ere, aurreko edizioak San Inazio jaien bueltan antolatu izan dituzte, baina aurtengoa bi hilabetez atzeratu da; datorren zapatuan, irailaren 23an, jokatuko da Inazio Deunaren 43. txirrindularitza saria.

Lagun Onak txirrindularitza elkarteak antolatutako lasterketan bigarren urteko kadeteak eta juniorrak lehiatuko dira. Datorren zapatuan, 15:30ean irtengo dute Ikasberri ikastolaren ataritik, eta helmuga Loiola hotelaren aurrean izango dute.

74 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek, eta Arroagora hiru joan-etorri egin beharko dituzte. Aurreneko txirrindularia helmugara 17:20 aldera iristea aurreikusi dute probaren antolatzaileek.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide