Topaketa ekologikoa egingo dute ostiralean Azoka Plazan

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 18a, 11:25

I. Topaketa Ekologikoko irudia. (Mailo Oiarzabal)

Ostiraletako ohiko azokaz gain, umeentzako sukaldaritza tailerra eta jolasak egingo dira. Jan-edanerako aukera ere izango dute Azoka Plazara bertaratzen direnek, edari zein pintxo ekologikoen dastaketan. Sukaldaritza tailerrerako Elikagunean edota 688 688 696 zenbakira deituta eman daiteke izena.

Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak eta Elikaguneak elkarlanean antolatuta, topaketa ekologikoa izango da datorren ostiralean, irailak 22, Azoka Plazan. Ohiko azokaz gain, umeentzako Ekoizpen duina kontsumo herrikoia izenpean sukaldaritza tailerra, eskualdeko edari ekologikoen postuak, edari eta pintxo dastaketa eta haurrentzako eskulanak izango dira.

16:30etik 19:30era bitartean egingo dute ohiko ostiral arratsaldeetako azoka, Azoka Plazan. Bertan, eskualdeko produktu ekologikoak izango dira eskuragarri: sagardoa, gazta, ogia, zukuak, barazkiak, arrautzak... Horrez gain, pintxoak eta eskualdeko edari ekologikoen Ekodastaketa izango dira, 17:30etik 19:30era. Ordutegi berean, haurrentzako Kalaka zurezko plaza jokoak egongo dira.

17:30etik 18:30era bitartean haurrentzako Ekoizpen duina kontsumo herrikoia sukaldaritza tailerra egingo dute, Osoa sukaldaritza eskolaren eskutik. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago tailerra, eta izena eman nahi dutenek 688 688 696 zenbakira deituta, edota Elikagunera gerturatuta egin ahalko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide