Puntu bat batu du Lagun Onakek Vitoriaren kontra

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 18a, 11:30

Mikel de Alba jokalaria aurkari batekin borrokan, Vitoria-Lagun Onak partidan. (Lagun Onak)

Bana bukatu zen neurketa Eibarko Unbe zelaian. Azpeitikoek aurrea hartu zuten, baina etxekoek azken txanpan lortu zuten berdintzea.

Estreinakoan etxean Pasaiari irabazi ondoren, Vitoriaren zelaian bana berdindu du Lagun Onakek Espainiako Hirugarren Mailako bigarren jardunaldian.

Zapatuan, Eibarko (Gipuzkoa) Unbe zelaian neurtu zituzten indarrak bi taldeek. Lagun Onakek bezala, Eibarren harrobiko taldeak ere garaipena erdietsi zuen ligako lehen jardunaldian (0-1, Urdulizen zelaian). Elkarren arteko neurketan, bigarren zatian iritsi ziren partidako bi golak. Azpeitiko taldeak hartu zuen aurrea, Alain Arreitunandiak 70. minutuan egindako golarekin; bederatzi minutu lehenago zelairatu zen goleatzailea, Geretaren ordez. Garaipena gertu izan zuen Lagun Onakek, baina 89. minutuan iritsi zen Vitoriaren gola, eta banakoarekin bukatu zen neurketa.

Lehen bi jardunaldiak osatuta, lau puntu batu dituzten zazpi talde daude multzoko sailkapenaren goiko tokietan, eta hirugarren postua dagokio Lagun Onaki. Datorren asteburuan ere etxetik kanpo jokatuko du Lagun Onakek, Urduliz talde bizkaitarraren zelaian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide