Ribera Run Experience lasterketa irabazi du Onintza Zeberiok

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 18a, 15:04

Zeberio eta Carmona, helmugan. (Utzitakoa)

32 kilometroko proban lehiatu zen Zeberio. Ibilbidea 02:50:17 denboran amaituta, emakumezkoen sailkapenean lehen postua eskuratu zuen azpeitiarrak. Lasterketa osoan zehar Antonio Carmona azpeitiarra izan zuen alboan. Elkarrekin amaitu zuten proba.  

Onintza Zeberio korrikalari azpeitiarrak asteburuan jokatutako Ribera Run Experience lasterketako proba luzea irabazi du emakumezkoen mailan. Valladoliden jokatzen den lasterketa da Ribera Run Experience, Duero ibaiertzaren eta Duraton ibaiaren artean eta Pesquera de Duero eta Curiel de Duero herrien inguruan.  

Hainbat modalitatetan jokatzen dute Ribera Run Experience sariketa: hiru proba lasterka egiten dituzte –bost kilometrokoa, hamazazpikoa eta 32 kilometrokoa– eta bat oinez. 32 kilometroko distantzia luzean, emakumezkoen kategorian, Onintza Zeberio azpeitiarra izan zen garaile, ibilbidea 02:50:17 denboran amaituta. Azpeitiko korrikalariak Antonio Carmona izan zuen alboan lasterketa osoan zehar, eta bi azpeitiarrak ia batera igaro zuten helmugako marra. Hain zuzen, Carmonak hamahirugarren postuan amaitu zuen proba 02:50:15 denborarekin, eta haren atzetik helmugaratu zen Zeberio. Gizonezkoetan Ivan Granda asturiarra izan zen nagusi (02:12:16).

Lasterketa irabaztearen ilusioa ez ezik, beste opari bitxi bat ere eskuratu zuen Zeberiok; izan ere, distantzia luzeko txapeldunei beren pisua ardo botiletan ematen diete sari gisa. Beraz, botila ardo mordoxka ekarri du Azpeitira Zeberiok.

Zeberio (eskuinean), irabazitako ardo kaxekin. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide