Eskuragarri daude Euskal Pentatloi Sariaren finalerako sarrerak

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 18a, 16:34

Iazko Euskal Pentatloi Sariko finaleko irudia. (Maialen Etxaniz)

Zapatuan jokatuko dute finala Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita. Mendizabal jatetxean edo Bizum bidez eskura daitezke finalerako sarrerak. Marka hautsi duen Izeta VI.ak aurrez aurre izango ditu finalean Xabier Zaldua zumarragarra, Xabat Olaizola zarauztarra, Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabiarra, Aritz Irazabal ugaoarra eta Julen Kañamares arostegiarra. 

Datorren larunbatean, hilaren 23an, jokatuko dute lehen mailako Euskal Pentatloi Sariaren finala Azpeitiko zezen plazan, eta dagoeneko eskuragarri daude hitzordurako txartelak. Azpeitiko Mendizabal erretegian jarri dituzte salgai txartel fisikoak 25 eurotan, baina Bizum bidez ere eskura daitezke, 607 44 39 29 telefono zenbakiaren bidez. 

Iaz txapela jantzi zuen Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a da finalerako faborito nagusia, kanporaketan 11 minutu eta 48 segundo behar izan baitzituen lanak bukatzeko, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.ak 1983an egindako denbora hemeretzi segundotan hobetuta. Horrenbestez, kanporaketa irabaztea eta Euskal Pentatloi Sariaren finalerako txartela eskuratzeaz gain, marka berria ezartzea ere lortu zuen Aiako kirolariak. Izeta VI.ak aurrez aurre izango ditu finalerako Xabier Zaldua zumarragarra (Gipuzkoa), Xabat Olaizola zarauztarra, Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabiarra (Bizkaia), Aritz Irazabal ugaoarra (Bizkaia) eta Julen Kañamares arostegiarra (Nafarroa).

Finala 22:00etan hasiko da. Lehian arituko diren kirolariek ehun kiloko bolari 25 altxaldi eman beharko dizkiote; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki; 50 kiloko txingekin, sei plaza egin; eta korrika, hiru kilometro osatu –zezen plazari 30 buelta–. Bi txandatan aterako dira plazara, joan zen asteko kanporaketako sailkapenaren arabera. Horrela, ohorezko txandan ariko dira Izeta VI.a, Zaldua eta Olaizola; eta beste txandan ariko dira Zelai IV.a, Irazabal eta Kañamares.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide