Nagore Alkortak hartu du Eudelen presidenteorde kargua

Nerea Uranga 2023ko ira. 19a, 15:16

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Eudelen presidenteorde kargua hartu du.

Agintaldi berriko Eudelen lehen batzar orokorra egin dute gaur Donostian, eta bertan hartu du presidenteorde kargua Azpeitiko alkateak. Aurreko agintaldian ere kargu hori izan zuen Alkortak.

Euskal Udalen Elkartearen (Eudel) 2023-2027 agintaldiko lehen batzar orokorra egin dute gaur, Donostian. Batzarrean zuzendaritza berria onartu dute aurkeztutako zerrenda bakarra onartuz. Horrenbestez, Esther Apraiz jeltzalea –Derioko (Bizkaia) alkatea– aukeratu dute Eudeleko presidente, eta presidenteorde Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea EH Bildukoa eta Jose Antonio Santano Irungo (Gipuzkoa) alkatea PSE-EEkoa hautatu dituzte. Bi presidenteordeak aurreko agintaldiko berak dira.

Nagore Alkortak hasi du batzar orokorra, jarduneko elkarteburu gisa. Ondoren, bozketa egin dute Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako udaletako ordezkariek zuzendaritza batzordea osatzeko, eta aurkeztutako zerrenda bakarra izan da hautatua. Zerrenda hori EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta udal plataforma independenteetako ordezkariek egindako akordioaren emaitza izan da. Akordio horren arabera, Eudelen batzorde exekutiboa hamabost ordezkarik osatuko dute: EAJko eta EH Bilduko seina kidek, PSE-EEko bi kidek eta Zalla Bai plataformako Joseba Andoni Zorrillak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide