Mundu osoan gero eta garrantzi handiagoa du emakumeen futbolak. Egungo belaunaldiek txikitatik izan dute futbol eskoletan ibiltzeko aukera, eta horiei baliabide ugari eskaintzen zaizkie kirolaz gozatzeko. Hala ere, futbolaren munduan azken asteotan gertatzen ari diren gorabeherak ikustearekin nahikoa da berdintasunaren bidea oraindik ere luzea dela ikusteko.
Eskualdeko taldeen ibilbidea ere luzea izan da. Hain zuzen ere, urtemuga ospakizunak antolatu dituzte Zarautz Kirol Elkarteko zein Azpeitiko Lagun Onak futbol taldeko emakumeen taldeetako kide ohiek. Izan ere, 30 urte bete ditu aurten Lagun Onaken emakumeen taldeak, eta 25 ZKEren emakumeen talde nagusiak.
Data berezi horiek ospatzearren, bazkariak antolatu dituzte bi taldeek, biak larunbat honetan egingo dituzte, eta gaur egungo jokalariak zein jokalari ohiak daude gonbidatuta.
ZKEk 25. urteurrena
Zarautz Kirol Elkarteak aurretik emakumeen talde bat izan bazuen ere, 1997-1998 denboraldian sortu zen egun lehenengo taldetzat hartzen dena. Lehiaketa federatuetara itzuli ziren urte hartan sortu zuten proiektuarekin, eta aurten, 25. urtemuga ospatuko dute talde hartakoek.
Garai hartako Gipuzkoako emakumeen futbol talde guztiek bezala, ez zuten hasiera erraza izan Zarauzkoek ere; haiek ere beren tokia egin behar izan zuten. Kirol baliabide duinak, instalazio nahiz ordutegi hobeak... horiek denak zituzten lortzeko, eta genero berdintasunaren alde egiteko amaierarik gabeko borroka izan zen garai hartakoa.
1999-2000 denboraldian lortu zuten emakumezkoen Lehen Maila Nazionalera igotzea, eta horrek nolabaiteko sendotasuna eman zion Zarauzko proiektuari. Belarrezko zelaian jokatzen hasi ziren, berdintasunerako bidean aurrera eginez, orduko batzordearen, udalaren eta patronatuaren babesarekin.
Zarautz Kirol Elkartearen emakumezkoen taldearen 25 urteko ibilbidean jokatu duten zenbait jokalarik lorpen garrantzitsuak erdietsi dituzte, hala nola Superligara iritsi ziren, liga eta kopa irabazi zituzten, 19 urtez azpikoetan Europako txapeldun izan ziren eta euskal selekzioarekin Espainiako Estatuko txapeldun izan ziren. Era berean, ZKEko taldekide izan zen Irene Paredesek Munduko Txapelketa irabazi berri du Espainiako selekzioarekin, eta Europako Txapeldunen Liga ere irabazitakoa da Paredes, Bartzelona taldearekin.
Larunbatean, lorpen horiek posible izan daitezen 25 urteotan egindako urratsak gogoratu nahi dituzte ZKEkoek, 2003an argitaratu zuten ohar batean adierazi zuten bezala: "Dirudienez, gaur egun utopia baino ez da baldintzen berdintasuna, baina badakigu horregatik ezin garela isilik geratu".
Lagun Onakek 30 urte
Bestalde, hiru hamarkada igaro dira Lagun Onaken emakumeen taldea osatu zenetik. 1993an, Lagun Onak klubak 50 urte bete zituenean, sortu zuten taldea, Iñaki Arrieta Pipillo entrenatzaileak eta Mari Karmen Arozena zuzendaritzako kide ohiak bultzatuta, besteak beste.
14 urtetik gorako neskek eman ahal izan zuten izena hasieran, eta talde bakarra zegoenez, adin guztietako emakumeek elkarrekin jokatzen zuten.
Taldeko giro onak eta elkarrekin zuten harremanak eman ziteon taldeari aurrera egiteko behar zuen indarra. Jokalariek zein entrenatzaileek egin zuten lan gogorrarekin aurrera ateratako taldea izan zen hura, talde hartako kideek nabarmendu dutenez. Zenbait taldekidek egun ere lagunak izaten jarraitzen dute, eta haien ekimenez antolatu dute urteurreneko ospakizun bazkaria.
Kris Fernandez eta Aiora Iriarte izan ziren taldearen lehen urteetan aritu ziren jokalarietako bi, eta haiek izan dira, garai hartako beste taldekide batzuekin batera, ospakizuna antolatu dutenak: "Urtean pare bat aldiz elkartzen gara orduko lauzpabost lagun, eta beti aipatzen ditugu garai hartako anekdotak eta oroitzapenak. Guztiok elkartzea gustatuko litzaigukeela pentsatu genuen, eta hara non, taldea sortu zenetik 30 urte pasatu direla konturatu ginen", adierazi du Fernandezek.
"30. urteurrenaren aitzakian, guztiok elkartzea polita izan zitekeela otu zitzaigun, eta zapaturako antolatu dugu bazkaria", esan du Iriartek. Lehen Lagun Onaken futbolean ibiltzen ziren edota gaur egun dabiltzan emakumeei zuzendutako hitzordua da zapatukoa. Jada 26 lagunek eman dute izena bazkarirako.