Reala ikustera joateko autobus zerbitzurik gabe gelditu dira Azpeitiko ia 200 zale

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 20a, 11:21

(Argazkia: Aizpurua autobusak)

Aizpurua autobus enpresak Uztarriari adierazi dionez, Araban, Nafarroan eta Bizkaian galdezka ibili diren arren, ez dute zerbitzua bermatzeko adina autobus lortu. "Gauean lan egiten dutenek, goizean ez daukate lan egiterik; beraz, gaur gaueko zerbitzuaren eta bihar goizean umeak eskoletara emateko zerbitzuaren artean aukeratu behar izan dugu". Enpresak aurreratu du neurriak hartzen ari dela berriz horrelakorik gertatu ez dadin.

Gaur, 21:00etan hasita, Realak Txapeldunen Ligako partida du etxean Milango Interren kontra; inondik ere, hitzordu garrantzitsua zale txuri-urdinentzat. Azpeititik Donostiara autobusez joatekoak ziren ia 200 zalek, ordea, ustekabeko desatsegina jaso zuten atzo iluntzean, posta elektronikoz jakin baitzuten autobus zerbitzurik ez dutela izango gaur Donostiara joateko.

Aizpurua autobus enpresa da zerbitzu hori kudeatzen duena, eta autobuserako txartela erosita zuten zaleei bidali dien mezuak dio astean zehar euren ohiko hornitzailea saiatu dela zerbitzua lotzen, eta zenbait kasutan lortu duen arren, Azpeitirako ezinezkoa izan dela. Uztarria enpresarekin harremanetan jarri da zer gertatu den galdetzeko, eta enpresaren erantzuna izan da Araba, Nafarroan eta Bizkaian galdezka ibili diren arren, ez dutela zerbitzua bermatzeko adina autobus lortu. "Gauean lan egiten dutenek, goizean ez daukate lan egiterik; beraz, gaur gaueko zerbitzuaren eta bihar goizean umeak eskoletara emateko zerbitzuaren artean aukeratu behar izan dugu".

Zerbitzurik gabe utzi dituen herritarrei barkamena eskatu die enpresak, eta aurreratu du neurriak hartzen ari dela berriz horrelakorik gertatu ez dadin. Uztarriari adierazi dionez, Azpeitiaz gain, beste herri bat gelditu da zerbitzurik gabe; Zumaia, hain zuzen.

Autobus txartela erosita zuten zaleei, dirua bueltatuko die enpresak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide