Bizikletak berrikusteko aukera izango da bihar plazan

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 20a, 17:00

Iaz ere eskaini zuten bizikletak berrikusteko zerbitzua, plazan. (Julene Frantzesena)

Foru Aldundiaren Mugikortasun Astearen barruan, bizikleten armazoiak berrikusteko zerbitzua eskainiko dute bihar herriko plazan. Mugi txartela duten erabiltzaileei zuzendutako zerbitzua izango da. 

Mugi txartela duten herritarrek bizikletak doan berrikusteko aukera izango dute bihar, hilak 21, plazan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak sustatuta eta Mugikortasunaren Europako Astearen harira,  Jarri zure bizikleta puntuan Mugirekin! kanpainaren barruan eskainiko dute bizikleten armazoiak berrikusteko zerbitzua, 16:00etatik 20:00etara. 

Bihar plazan jarriko duten kamioian ez ezik, Ziklos Beni dendan eskainiko dute zerbitzu teknikoa larunbatera bitartean; izan ere, Ziklos Benik bat egin du aldundiaren kanpainarekin. 

Aurreko edizioetan bezala, bizikletak berrikustera eramaten dituzten herritarrek, bi bizikletaren eta material sorta baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide