Jose Luis Zubizarreta: "Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz"

Unai Zubeldia (Gipuzkoako Hitza) 2023ko ira. 23a, 09:00

Jose Luis Zubizarreta 'Xubi'.

Jose Luis Zubizarreta Xubi 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Donostiako Guuk Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendari berria da eta proiektua biziberritu nahi du. Unai Zubeldia kazetariak Gipuzkoako Hitzarako egindako elkarrizketa da honakoa.

Ordenagailu txiki bat da Jose Luis Zubizarreta Xubi (Azpeitia, 1961). Jokalari bati bizpahiru hitz esan hitzordura iritsi aurretik; elkarrizketan bi aldiz sakelakoa hartu eta Espainiako Saskibaloi Federazioko arduradunekin partiden ordutegiak adostu; klubeko langile ohi batekin daukaten arazo bat konpontzen saiatu… Eromen txiki horretan, ordubetetik gorako hitz-aspertu lasaia izan du kazetariarekin. Donostiako Guuk Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendari berria da Azpeitia-Azkoitiko Iraurgi klubaren ikurretako bat dena.

Saskibaloia, kantxak, baloiak… ahaztuta, nor da Jose Luis Zubizarreta Xubi?

Loiolako [Azpeitia] baserritar bat naiz ni. 11 urte neuzkala baserria erre zitzaigun, eta Valentziara [Herrialde Katalanak] joan nintzen, bakar-bakarrik, artean mutil kozkorra nintzela, unibertsitate laboralerako beka bat jasota. Han erabat aldatu zen nire bizimodua; hara joan izan ez banintz, ez nintzatekeen hasiko saskibaloian. Gero, 16-17 urterekin hasi nintzen ni erdaraz pentsatzen.

Zerekin topo egin zenuen Valentzian?

1972tik 1975era egon nintzen Valentzian, eta oso gogorra izan zen; egunero negarrez aritu nintzen lehen hiru hilabeteetan. Oso eskutitz gogorrak bidaltzen nizkion amari: "Semea sufritzen eduki nahi baduzu, hementxe eduki", eta horrelakoak. Behin arrebak harrapatu ninduen telefonoz, eta amari bidaltzen ari nintzen eskutitzak zer demontre ziren galdetu zidan, ama lo egin gabe zegoela eskutitzengatik. Huraxe izan zen nire inflexio puntua; ordutik ez dut arazorik izan bizitzan, gaixotasuna salbu. Saskibaloian jokatzen zuen Gasteizko lagun bat egin nuen, eta orduantxe hasi nintzen ni ere saskibaloian.

Valentziatik Eibarrera joan zinen gero. Beste aldarte batekin?

Bai. Eibarren elkarrekin geunden denok; kanpokoak, berriak zirenak, ordurako kanpoan ibilita geundenak… Nagusi ginen gu, ordurako gaindituta baikeneukan kanpora joan eta gaizki pasatze horren trantzea. BBBa eta UBIa egin nituen Eibarren, 15 urtetik 18ra artekoak. Gipuzkoako ligan aritu nintzen jada, federatu gisa.

Etxerako joan-etorrietan Azpeitian ere ikusten zenituen saskibaloian jokatzen, ezta?

Loiolan kantxa bat zegoen, hormigoizko posteekin-eta, jesuiten atzeko aldean, eta oporretan baserrira etortzen nintzenean han ikusten nituen Josu Arregi-eta, Aguilas taldearekin Bilbon maila gorenean aritu zena. Haiek hasi ziren Azpeitian saskibaloia sustatzen; hark entrenatzen zituen mutil kozkorrak. Anaitasuna lehenengo, Lagun Onak gero… Arazoak sortu ziren, ordea; azkoitiarrek ez zituzten seme-alabak Azpeitira eraman nahi jokatzera, eta orduan erabaki genuen Iraurgi sortzea, 1980an.

Irakurri elkarrizketa osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide