Domusa Teknik 15 MLK mendi lasterketa ere egingo dute datorren urtean

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 24a, 09:00

Hainbat korrikalari, iazko Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketan. (Ihintza Elustondo)

65 kilometroko Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaz gain, 26 kilometroko distantzia eta 1.400 metroko desnibel positiboa izango dituen proba laburragoa ere jokatuko dute hurrengo edizioan. Antolatzaileen arabera, "mendi lasterketetan hasi nahi dutenentzat edota lasterketa motzago batean euren gaitasuna erakutsi nahi dutenentzat aproposa" izango da proba berria.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileek aste honetan jakinarazi dute berrikuntzak izango direla probaren hurrengo edizioan. Hain zuzen ere, 65 kilometro eta 3.700 metroko desnibela dituen ultra trailaz gain, proba laburragoa ere egingo dute 2024an. Lasterketa laburrari Domusa Teknik 15 MLK izena jarri diote, eta aurreratu dutenez, 26 kilometroko distantzia eta 1.400 metroko desnibel positiboa izango ditu.

Antolatzaileek ez dute jakinarazi zein izango den probaren ibilbidea, baina adierazi dutenez, "mendi lasterketetan hasi nahi dutenentzat edota lasterketa motzago batean euren gaitasuna erakutsi nahi dutenentzat aproposa" izango da lasterketa. Aurrerago jakinaraziko dituzte xehetasun gehiago.

Maiatzaren 4an jokatuko dute mendi lasterketaren hirugarren edizioa, eta azken urteotan entzutetsua bilakatu da proba inguruotan. Iaz, esaterako, bi orduren barruan agortu ziren Domusa Teknik 40MLK lasterketarako dortsal guztiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide