Aurredenboraldiko txapelketa nagusiaren finala jokatuko du Juaristi ISB saskibaloi taldeak. LEB mailako Euskal Kopa jokoan da asteburu honetan Bergaran (Gipuzkoa); finalaurreko bakarra atzo iluntzean jokatu zuten Iraurgiko gizonen talde nagusiak eta Zornotzak (Bizkaia), Azkoiti-Azpeitiko taldearekin batera Zilarrezko LEB ligan lehiatuko den taldeak, eta Yon Gonzalezek gidatzen duen taldeak 80-79 irabazi zuen.
Partida parekatua amaiera estuarekin erabaki zen. Lehen laurdena berdinduta (17-17) bukatuta, lehen zatia Bizkaiko taldearen aldeko emaitzarekin itxi zen (34-41). Atsedenaldiaren ondoren aurkariaren abantaila jan eta markagailuan aurretik jarri ziren Iraurgikoak (61-60 hirugarren laurdenaren amaieran). Garaipena amaiera estuan erabaki zen, puntu bakarraren aldearekin bukatu zen neurketa, eta Gaizka Maizaren saskiratze erabakigarriarekin.
Gaur, Gipuzkoa Basket izango da Juaristi ISBren aurkaria Euskal Koparen finalean. Bergarako Labegaraietako kiroldegian jokatuko dute neurketa hori ere, 20:00etan.