Aitor Larrañaga, Uemaren zuzendaritza batzorde berriko kide

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 23a, 19:04

Batzarkideak botoa ematen, gaur, Uemaren batzar nagusian. (Uema)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak zuzendaritza berritu du gaur Ataunen (Gipuzkoa), 2023-2027 agintaldiko lehen batzar nagusian. Martin Aramendi Ataungo alkatea hautatu dute lehendakari, eta Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburua zuzendaritzako 11 kideetako bat izango da.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) 2023-2027 agintaldiko lehen batzar nagusia egin du gaur. Zuzendaritza berria izendatzea izan da batzarraren xede nagusia, eta eskualdeko bi ordezkari izango ditu Uemaren zuzendaritza berriak: Irune Urbieta Alberdi Zarauzko zinegotzia (EAJ) lehendakariorde izendatu dute, eta Aitor Larrañaga Azpeitiko zinegotzia (EH Bildu) zuzendaritza batzordeko kide.

Urbieta Zarauzko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Gazteria sailetako zinegotzia da. Larrañaga, berriz, Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburua da.

Ataunen (Gipuzkoa) elkartu dira gaur egun Uema osatzen duten Euskal Herri osoko 101 udalerrietako ordezkariak eta Ataungo alkate Martin Aramendi (EH Bildu) hautatu dute, hain zuzen ere, agintaldi berriko Uemaren lehendakari, Iraitz Lazkanoren lekukoa jasota.

"Gaur egun 101 udalerri dira Uemako kide, eta guztien artean 305.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Hurrengo hilabeteotan Uemara sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok, eta udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzeaz gain, udalerri euskaldunak babesteko eta euskararen erabilera sendotzeko ildoek jarraituko dute izaten agintaldi berriko ardatzak, herritarren ahalduntzean eragiteko ekimenekin batera", azaldu du Uemak gaurko batzarraren berri emanez zabaldu duen oharrean.

Urola Kostako 11 udalerrietatik bederatzi dira gaur egun Uemako kide: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide