Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 24a, 09:36

Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.

VI. Euskal Pentatloi Sariaren finala jokatu zuten atzo, larunbata, Azpeitiko zezen plazan. Ez zen sorpresarik izan, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi zuen txapela, hirugarren urtez jarraian. Lorpen handia eskuratu izanagatik, Izeta VI.ak ez zuen lortu bere iazko marka hobetzea; 31 minutu eta 55 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko. Probaren amaieran aipatu zuen aste gogorra izan dela harentzat –aita izan berri da–, eta akats batzuk ere egin zituela atzoko kirol proban. Dena den, pozarren agertu zen txapela jantzita, eta emazteari eta semeari eskaini zien garaipena.

Xabat Olaizola zarauztarra izan zen egin beharrekoak amaitzen bigarrena. Harri jasotzen eta giza proban nagusitasunez aritu zen, eta hura izan aizkorako lanari ekiten lehena. Dena den, Izeta VI.ak aizkoran aurrea hartu zion, eta ordutik aurrera, aiarra izan zen nagusi proba guztian zehar. Lehen aldiz parte hartu du Olaizolak pentatloi sariketan, eta abilezia ikaragarria duela erakutsi zuen atzo. Gainera, afizio izugarria eraman zuen Azpeitiko plazara, eta animoak eta oihuak entzun zituen lanak egiten ari zen denbora guztian.

Bigarren txandan aritu ziren hiru kirolariek osatu zuten podiuma; Xabier Zaldua zumarragarra (Gipuzkoa) izan zen hirugarren sailkatua. Hark hiru txapel ditu jantziak Euskal Pentatloi Sarian, eta orain Izeta VI.ak berdindu du txapeletan. Jakiteko dago ea datorren urtean berdinketa hausteko erronkari helduko ote dion Zalduak. Hura izan zen atzoko probako helduena, eta aipatu izan du pentatloia uzteko garaia heltzen ari zaiola.

Lehen txandan, Aritz Irazabal izan zen nagusi, alde handiz. Oso ondo aritu zen ugaoarra (Bizkaia), eta iazko pentatloian baino bost minutu lehenago ekin zion atzo korrikako probari. Zalduak hamabost segundoko aldea baino ez zion atera laugarren sailkatuari.

Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabiarra (Bizkaia) izan zen lanak amaitzen bosgarrena, 39 minutuko eta 57 segundoko denborarekin, eta Julen Kañamares arostegiarra (Nafarroa) sailkatu zen seigarren –41.49–.

Honako hauek izan ziren kirolariek finalean egin zituzten lanak: ehun kiloko bolari 25 altxaldi eman behar izan zizkieten; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki; 50 kiloko txingekin, sei plaza egin; eta korrika, hiru kilometro osatu –zezen plazari 30 buelta–. Sufritu arren, erakustaldia eman zuten atzo kirolari guztiek, eta giro izugarria sortu zen Azpeitiko zezen plazan. 

Aurten, izan da berrikuntzarik: ez da emakumeen Euskal Pentatloi Saririk jokatu. "Pena handia" agertu zuten hori dela-eta antolatzaileek. Ez ziren emakume nahikoa elkartu haien sariketa egin ahal izateko, eta datorren urtean proba hori berreskuratuko den esperantza dute antolatzaileek.

Sailkapena:

1. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: 31:55

2. Xabat Olaizola: 34.05

3. Xabier Zaldua: 35.20

4. Aritz Irazabal: 35.35

5. Ioritz Gisasola: 39.57

6. Julen Kañamares: 41.49

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide