Hiriko Soinuak musika lehiaketa irabazi du Deñek

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 25a, 10:20

Deñe, larunbateko finalean. (Hiriko Soinuak)

Larunbatean jokatu zen Barakaldon musika taldeen arteko lehiaketaren finala. Deñe Garcia-Bravoren bandak lortu zuen sari nagusia.

Deñek irabazi du Barakaldoko Udalak antolatzen duen Hiriko Soinuak musika lehiaketa. Larunbatean jokatu zuten txapelketaren bosgarren edizioaren finala Barakaldoko (Bizkaia) San Bizente parkean. Finala 18:30ean hasi zen, eta Deñe, Muzak, PainApple, Laztana Laztana, Eva Martin, Anixe, Sofia V, Lorreine eta Yerai igo ziren oholtzara. Lau sailetan banatuko zituzten sariak, eta Azpeitiko musikariaren bandak eskuratu zuen sari nagusia.Barakaldoko artistarik onenaren saria Lorreinek eskuratu zuen, Berdintasun saria Eva Martinek eta euskarazko artistarik onenaren saria PainApplek. Aurtengoa lehiaketaren bosgarren edizioa izan da, eta guztira 142 taldek eman dute izena.

Hilabete luzeetako lanaren ostean, disko berria kaleratu zuen Deñe Garcia-Bravok joan zen ekainean, Isladen itzaletan. Urrestillakoaren musika proiektua berrituta itzuli da, banda eta guzti; izan ere, Deñek ondoan ditu Maialen Urretabizkaia, Paula Moreno eta Olatz Azpiazu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide