Soriako Itzulia irabazi du Imanol Arizmendi txirrindulariak

Iraia Oteiza 2023ko ira. 25a, 15:00

Imanol Arizmendi txirrindularia, Soriako Itzuliko azken etapako helmugan. (Utzitakoa)

Bi etapa irabazita eta sailkapen orokorrean gailenduta, garaipena eskuratu du Azpeitian bizi den txirrindulari azkoitiarrak.

AC Hotels by Marriott Cycling taldeko Imanol Arizmendi txirrindulariak Soriako (Gaztela eta Leon) Itzulia irabazi du. Asteburuan jokatu dute txirrindularitza lasterketa, guztira hiru proba jokatuta. Larunbatean hasi zuten lehia han, bi etapa jokatuta, eta atzo, igandea, eman zioten amaiera Itzuliari, mendiko etaparekin.

Zapatu goizean, 15 kilometroko erlojupekoan azkarrena izan zen Arizmendi, bigarren sailkatuari 22 segundoko aldea aterata (00:21:26). Arratsaldean jokatu zuten 70 kilometroko errepideko lasterketan, berriz, seigarren postua lortu zuen azkoitiarrak, 01:37:12-ko denbora eginda. Hala ere, sailkapen orokorrean lehen postuari eustea lortu zuen, bigarren sailkatuari 39 segundoko aldea aterata.

Atzo, igandea, jokatu zuten Soriako Itzuliko azken jardunaldia, 1.250 metroko desnibela zuen 92 kilometroko mendiko etapa. Garaipena eskuratu zuen orduan ere Arizmendik, 02:16:10-ko denbora egin eta bigarrenari 8 segundoko aldea aterata. Hirutik bi etapa irabazteaz gainera, sailkapen orokorreko lehen postuari eustea lortu zuen eta txapeldunaren maillota beretzat izan zen.

Arizmendik hedabide honi jakinarazi dionez, lagun duen Mikel Elorzaren ama hilberriari eskaini dio asteburuko garaipena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide