Gutuna

Zuek gabe, gaur ez ginatekeelako izango

Lagun Onakeko emakumeen futbol taldeak 2023ko ira. 26a, 10:10

Lagun Onaken emakumeen taldea, duela 27 urte. (Lagun Onak)

Lagun Onaken emakumeen taldearen sorreraren 30. urteurrena ospatzen ari diren honetan, hasierako haiei eskaini dizkiete hitzok Lagun Onaken egungo emakumeen taldeetako kideek.

Urte asko eman dituzte beraiek ereindako hazia hazten ikusten, gora begira zuhaitzei itxoiten.

Orain dela 30 urte, emakume prestu, adoretsu eta indartsu batzuek harresi gogor eta sendo bati zulo txiki bat egin zioten, han hazi txiki bat landatuz. Beraien nahiak eta ametsak egi bihurtuz, oinak lurrean dituenak duen ziurtasunaren adorez.

Hazi hori mimoz, emeki zaindu zuten urtez urte harengana gerturatzen zirenek.

Negu latzak, gogorrak, zailak pasatu arren, eguzki izpi gutxirekin eta emandako maitasunaren poderioz, harresian arrakala bat egin eta sustraiak botatzen hasi zen hazia, bertan lekua eginez.

Zuhaitzek sareak sor ditzakete beste zuhaitz batzuekin, eta ekintzara pasatzen dira mehatxatuta sentitzen baldin badira. Mila modutan hazten jarraitzen dute, borrokatik kanpo uzten dituztenean ere.

"Piztu da piztia eta ez dago atzera bueltarik", dio Ibil Bediren Basozain abestiak, eta ez daukagu baso bihurtu arte atzera egiteko asmorik.

Lagun Onakeko zuhaitz eta bere zuhaixka guztien partez, eskerrik beroenak orain dela 30 urte hazi hura landatu eta urtez urte maitasunez zaindu eta beragatik borroka egin duten emakume nahiz pertsona orori.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide