Asteklima azoka izango da ostegun arratsaldean Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 26a, 11:43

(Argazkia: Pixabay)

16:00etatik 20:00etara egongo dira plazan Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen barruan antolatu duten azoka ibiltariaren karpak. "Klima aldaketaren ondorioei eta eguneroko ohiturak egokitzearen garrantziari buruz familiak kontzientziatzea" da egitasmoaren helburua, "keinu txikiekin ohitura horiek arintzen eta egokitzen laguntzeko".

Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Udalsarea 2030, Ekoetxea sareak eta Life Urban Klima 2050 Europako proiektuak sustatuta, irailaren 22tik urriaren 1era gauzatzen ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurtengo Asteklima, "herritarrak beharrezko trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea" helburu duen astebeteko egitasmoa.

Laugarren aldia du Asteklimak. Beste hainbat ekintzaren artean, Asteklima azoka ibiltaria herriz herri dabil egunotan. Hain zuzen ere, bederatzi udalerritan egingo dute azoka, eta etzi, osteguna, Azpeitian izango da. 16:00etatik 20:00etara jarriko dituzte Asteklima azokaren karpak plazan.

Udalak azaldu duenez, "klima aldaketaren ondorioei eta eguneroko ohiturak egokitzearen garrantziari buruz familiak kontzientziatzea" da egitasmoaren helburua, "keinu txikiekin ohitura horiek arintzen eta egokitzen laguntzeko", eta jolasak baliatuko dituzte horretarako. Klima aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia eta kontsumoa, eta Urban Klima proiektua dira Asteklima azokaren bidez jorratu nahi dituzten gaiak, "eta gizarteko gainerakoen konpromisoekin bat egingo duen konpromiso pertsonala formalizatzeko modua".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide