Guara Somontano ultra traila irabazi du Jone Urkizuk

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 26a, 14:33

Jone Urkizu irribarretsu, Guara Somontano ultra trailaren helmugan. (@ultratrailsomontano)

16.23.14,38 behar izan zituen azpeitiarrak Huescako Guarako mendietan (Espainia) jokatutako 102 kilometroko proba osatzeko. Lagun Onak MBko korrikalarien lan bikaina borobildu zuen Ion Intxaustik, gizonen lasterketan seigarren sailkatuta.

Jone Urkizuk garaipen ederra lortu zuen joan den asteburuan, Guara Somontano mendi lasterketetako proba luzeena, ultra traila, bereganatuta. Huescako Guarako mendietan (Espainia), 102 kilometro eta 5.000 metro positiboko desnibela zituen proba osatzeko hamasei ordutik gora behar izan zituen Urkizuk: 16.23.14.38 izan zen, hain zuzen ere, bere marka. Bigarren sailkatu zen Harriet Kjaer danimarkarrari hemezortzi minutuko aldea (16.41.14,47) atera zion azpeitiarrak, eta ordubetetim gorakoa (17.48.38,26), berriz, emakumeen podiuma osatu zuen Marie Laure Lavigne frantziarrari.

126 korrikalarik eman zuten izena Guara Somontano ultra trailean, eta horietatik 96k lortu zuten proba bukatzea. Lehendabiziko emakumea ez ezik, lasterkari guztien artean 21.a izan zen Urkizu: Hamar emakumek lortu zuten lasterketa osatzea, eta podiumeko hirurak beteranoen mailakoak ziren.

Lagun Onak MBko kidea da Urkizu, eta talde bereko Ion Intxaustik Azpeitiko mendizaleen elkartekoen asteburua borobildu zuen Guara Somontano ultra trailean: seigarren tokian iritsi zen helmugara Intxausti (13.42.22,95), eta bigarrena izan zen senior mailako gizonen sailkapenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide