Angel Otaegi oroitu dute Nuarbeko hilerrian, haren hilketaren 48. urtemugan

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 27a, 20:00

Nuarbeko hilerrian egin dute lore eskaintza. (Azpeitiko Udala)

Gaurko egunez duela 48 urte Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra, Juan Paredes Manot Txiki eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituen. Otaegi gogoan, lore eskaintza egin dute Nuarbeko hilerrian. Bertan izan dira Otaegiren gertukoak, udaleko ordezkariak eta hainbat herritar. 

Nuarbeko hilerrian oroitu dute Angel Otaegi gaur, Gudari Eguna, haren hilketaren 48. urteurrenean. Duela 48 urte, 1975eko irailaren 27an, fusilatu zituen Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena. Gertaera haiek gogoan, urtero bezala, lore eskaintza egin dute gaur Otaegiren oroimenez Nuarbeko hilerrian. Otaegiren familiakoak eta gertukoak izan dira gaur arratsaldeko ekitaldian, baita Udal Gorbenuko hainbat ordezkari ere; tartean, Nagore Alkorta alkatea. Haiek lore eskaintza egin dute Otaegi zenaren hilobiaren aurrean. "Egia, justizia eta erreparazioa" aldarrikatu dituzte. 

Gaur goizean Txikiren oroimenezko ekitaldia egin dute Zarautzen. Hamarnaka lagun bildu dira Zarauzko hilerrian erregimen Frankistako azken fusilatuak oroitzeko; Txikiren hilobiaren aurrean egin dute omenaldia eta senide eta lagunekin batera, hainbat alderdi politiko eta erakundetako ordezkariak ere bertaratu dira. Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak gidatu du ekitaldia. Alvarezek gogoratu du faxismoaren aurkako borrokan izan zuten parte hartzeagatik fusilatu zituztela gaur omendutako bost lagunak eta haien memoria aldarrikatu dute.

Gaurkoa ez da Gudari Egunaren harira Azpeitiko ezker abertzaleak antolatu duen ekitaldi bakarra. Larunbatean, irailaren 30ean, egingo dute Gudari Egunaren bueltako ekitaldi nagusia Azpeitiko Azoka Plazan, 19:00etan hasita. 

Independentziarako indarra! lelopean egingo ditu ezker abertzaleak aurten Gudari Egunaren bueltako ekintzak, eta antolatutako ekimen guztietan parte hartzeko deia egiten diete azpeitiar guztiei.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide