Urriaren 6an hasiko da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloa

Iraia Oteiza 2023ko ira. 28a, 12:00

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloaren aurkezpena Azkoitian. (Iraia Oteiza)

Azpeitian, urriko hiru ostiraletan izango dira aurtengo zikloaren kontzertuak, Loiolako basilikan, 19:30ean hasita. Urriaren 6an, Loreto Aramendi organistak eskainiko du kontzertua Arv-vocem abesbatzarekin batera; urriaren 13an, Michel Bouvard organista frantziarraren kontzertua izango da; eta urriaren 20an, Éric Lebrun eta Marie-Ange Leurent organista frantziarren txanda izango da. Zikloko gainerako kontzertuak Azkoitian eta Bergaran izango dira.

Urriarekin dator aurten ere Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloa, eta gaur aurkeztu dituzte zikloaren xehetasunak Azkoitian. Aurtengo edizioan ere hiru herritan izango dira kontzertuak: Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran. Azkoitian lau kontzertu eta Azpeitian eta Bergaran hiruna eskainiko dituzte, hamar guztira, urriaren 6tik aurrerako asteburuetan. Azkoitiko eta Bergarako kontzertuak larunbatetan izango dira 20:00etatik aurrera, eta Loiolako basilikakoak ostiraletan eskainiko dituzte, 19:30ean hasita. 

Organo erromantikoaren bueltan urtero antolatzen den zikloak urteurren bat ekarriko du gogora. Azkoitiko Cavaillé-Coll organoak 125 urte bete baititu aurten. Hain zuzen ere, Azkoitiko parrokian izango dira kontzertu gehien. Urriaren 7an, Esther Ciudad organista zaragozarrak eta Juanjo Guillem perkusionista valentziarrak estreinatuko dute zikloa. Azkoitiko bigarren kontzertua, urriaren 14an, organoaren enbaxadore ospetsuenetarikoa den Oliver Latry Parisko Notre Dame katedraleko organistak eskainiko du. Urriaren 21ean, 2000. urteaz geroztik Azkoitiko organista titularra den Jose Luis Frantzesenak eskainiko du kontzertua Mariatxen Urkia sopranoak lagunduta, eta Azpeitiko eta Bergarako Musika Eskoletako organo ikasleek itxiko dute zikloa urriko azken larunbatean.

Azpeitiko Loiolako basilikako kontzertuak, berriz, ostiraletan izango dira, 19:30ean. Urriaren 6an, Loreto Aramendi organistak eskainiko du kontzertua Arv-vocem abesbatzarekin batera. Urriaren 13an, Michel Bouvard organista frantziarraren kontzertua izango da, eta urriaren 20an, berriz, Éric Lebrun eta Marie-Ange Leurent organista frantziarrek kontzertua eskainiko dute lau eskutara.

Bergarako Santa Marina Parrokian ere larunbatetan izango dira kontzertuak, 20:00etan. Urriaren 7an, Óscar Rodríguez organistaren eta Martin Zulaika oboea eta korno ingelesaren txanda izango da. Urriaren 14an, berriz, Myriam Ulanga organistak eta Roberto Nuño biola jotzaileak eskainiko dute kontzertua, eta urriaren 21ean, Alberto Sáez organista eta Eduardo Díaz tronpeta jotzaileak itxiko dute Bergarako zikloa. Kontuan hartu behar da Bergarako zikloa berrikuntza batekin datorrela aurtengo edizioan, San Pedro parrokiako organoa konponketa lanetan dagoenez, Santa Marina parrokiako organoan izango direlako kontzertuak.

Itziar Urbieta organistak adierazi duenez, "zikloaren ardatza organoa bada ere, batzuetan beste musika tresna batzuk sartzen saiatzen gara, kontzertu ezberdina eskaintzeko. Baina organoa bakarrik entzutea ere gustatzen zaigu, eskaini ditzakeen aukera guztiez gozatzeko. Aurtengoa berezia izango da". Organista azpeitiarraren hitzetan, gonbidatu guztiak "mimo handiz" ari dira kontzertuak prestatzen eta herritarrak kontzertuez gozatzera gonbidatu ditu.

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloaren egitarau osoa, jarraian:

Azpeitia

  • Urriak 6, ostirala: 19:30ean, Loiolako basilikan, Loreto Aramendi organista eta Arv-vocem abesbatza.
  • Urriak 13, ostirala: 19:30ean, Loiolako basilikan, Michel Bouvard organista.
  • Urriak 20, ostirala: 19:30ean, Loiolako basilikan, Éric Lebrun eta Marie-Ange Leurent organistak.

Azkoitia

  • Urriak 7, larunbata: 20:00etan, Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian, Esther Ciudad organista eta Juanjo Guillem perkusionista.
  • Urriak 14, larunbata: 20:00etan, Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian, Oliver Latry organista.
  • Urriak 21, larunbata: 20:00etan, Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian, Jose Luis Frantzesena organista eta Mariatxen Urkia sopranoa.
  • Urriak 28, larunbata: 20:00etan, Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian, organo ikasleen kontzertua.

Bergara

  • Urriak 7, larunbata: 20:00etan, Santa Marina parrokian, Óscar Rodríguez organista eta Martin Zulaika oboea eta korno ingelesa.
  • Urriak 14, larunbata: 20:00etan, Santa Marina parrokian, Myriam Ulanga organista eta Roberto Nuño biola.
  • Urriak 21, larunbata: 20:00etan, Santa Marina parrokian, Alberto Sáez organista eta Eduardo Díaz tronpeta jotzailea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide