Emakumeentzako ikastaroa, argazki lehiaketa eta erakustaldia izango dira zapatuan skate parkean

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 28a, 16:49

Neska bat Azpeitiko Izarraitz skate parkean. (Julene Frantzesena)

Goizean, 11:00etik 13:00etara, skate hastapeneko ikastaroa eskainiko dute Emakumea Surflari elkarteko kideek. 12 urtetik 18 urtera artekoena izango da talde bat, eta 18 urtetik gorakoena beste bat. Bihar bukatuko da izena emateko epea. Arratsaldean argazki lehiaketa eta erakustaldia izango dira. 

Azpeitiko Emakumeen Txokoko eskaintzaren barruan, skate ikastaroak, tailerra, erakustaldia eta argazki lehiaketa izango dira zapatuan, irailaren 30ean. Ekintza gehienak, ikastaroak, lehiaketa eta erakustaldia Izarraitz skate parkean egingo dituzte.

Goizean, skate hastapen ikastaroa eskainiko dute Emakumea Surflari elkarteko kideek 11:00etatik 13:00etara. Bi taldetan banatuko dituzte partehartzaileak: 12 urtetik 18 urtera artekoena izango da talde bat eta 18 urtetik gorakoena bestea. Ikastaroetan izena emateko epea bihar, ostirala, itxiko dute. Horrenbestez, interesa dutenek Emakumeen Txokora deitu besterik ez dute (688 751 000).  Skateak, surfskateak, kaskoak eta babeserako materiala Emakumea Surflari elkarteak kudeatuko ditu, baina antolatzaileek azaldu dute norberak bere materiala eramatea gomendatzen dutela.

Arratsaldean, argazki lehiaketa eta skate erakustaldia izango dira skate parkean bertan. Ikuskizuna 17:00etan hasiko da, eta 18:30ean amaitu. Emakumeen Txokoko kideek azaldu dutenez, irekia izango da eta edonork hartu ahal izango du parte izena eman beharrik gabe. Era berean, erakustaldiak iraun bitartean, argazki lehiaketa egingo dute. Parte hartu nahi dutenek argazki kamera edo mugikorra erabili ahal izango dituzte argazkiak ateratzeko. Unean bertan azalduko dituzte zein diren lehiaketan parte hartzeko arauak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide