Bizipozari eusteko gakoetaz aritu da Jesus Mari Mujika Basazabalen

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 29a, 08:56

Jesus Mari Mujika, atzo Basazabalen. (Mailo Oiarzabal)

Aretoa bete jende elkartu zen atzo arratsaldean Baigerak antolatutako hitzaldian. Etzi, urriaren 1ean, Jubilatuen eta Pentsiodunen Eguna ospatuko dute Azpeitian ere, elkarretaratzearekin eta bazkariarekin.

Interesa piztu zuen Jesus Mari Mujikak atzo arratsaldean Basazabalen eskainitako hitzaldiak. Enparan kaleko jauregiko hirugarren solairuko auditorioa bete-bete zela hitz egin zuen Aizarnazako filolosofo, irakasle ohi eta editoreak.

Gure adinean bizipozari heltzeko bideak izena zuen Baigerak antolatutako saioak, eta adinean aurrera doazen pertsonek bizipozari eusteko gakoak izan daitezkeenak izan zituen hizpide Mujikak; jakin-mina eta interesa aipatu zituen, besteak beste.

Igande honetan, urriaren 1ean, ospatuko duten Jubilatuen eta Pentsiodunen Egunaren atarikoa izan zen Basazabaleko atzoko solasaldia. Etzi, asteleheneroko elkarretaratzea egun bat aurreratu eta igandean egingo dute protesta, 13:00etan, Azoka Plazaren atarian. Eta urrutira joan gabe, Azoka Plazan bertan bazkalduko dute gero, 14:00etan. Bazkalondoan, berriz, erromeria izango dute jubilatuek eta pentsiodunek Azoka Plazan bertan.

Basazabaleko auditorioa bete egin zen Mujikaren hitzaldirako. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide