Azaroaren 30eko greba feministaren inguruko batzarra egingo dute urriaren 5ean Emakumeen Txokoan

Maialen Etxaniz 2023ko ira. 29a, 17:11

Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldi bat. (Denon Bizitzak Erdigunean)

Grebara begira antolakuntzan hasteko egingo dute bilkura. Batzarra 18:30ean hasiko da, eta irekia izango da. Besteak beste, "zaintzarako eskubide kolektiboaren alde" deitu du greba Euskal Herriko Mugimendu Feministak. 

Mugimendu Feministak deituta, greba feminista orokorra izango da azaroaren 30ean Euskal Herrian, "zaintzarako eskubide kolektiboaren alde". Hori dela eta, greba egunera begira lanean hasteko Azpeitiko emakumeen bilera irekia egingo dute urriaren 5ean , ostegunez, Emakumeen Txokoan. 18:30ean jarri dute hitzordua, eta interesa duen edonor bertara daiteke batzarrera. 

"Pertsona guztiok bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea" aldarrikatuko dute azaroaren 30ean. Grebaren deitzaileek adierazi dutenez, urriaren 7an aurkeztuko duten "herri akordioa" izango dute oinarri: "Urriaren 7an aurkeztuko dugun Herri Akordioa izango dugu oinarri: Sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gainditu eta guztion bizitzak erdigunean jarriko duen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa defendatzera goaz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide