Oier Etxeberriak Cabraleseko hiru bertikalen lasterketa irabazi du

Intza Trula 2023ko urr. 2a, 10:58

Oier Etxeberria Cabraleseko hiru bertikalen lasterketan. (Trail de las Pastoras de Portudera)

Pasa den larunbatean eta igandean korritu dute Cabraleseko hiru bertikalen lasterketa Las Arenasen (Asturias, Espainia): hiru igoera bertikal bi egunetan osatzea helburu duen lasterketa.

Asteburu borobila izan du Oier Etxeberriak Las Arenasen (Asturias, Espainia), Cabraleseko hiru bertikalen lasterketan. Bi egunetan jokatu dute proba -larunbatean eta igandean- eta lanak bikain eginda urrezko dominarekin itzuli da etxera azpeitiarra.

Bi egunetan hiru igoera bertikal egitean datza probak: larunbat goizean Calluengako igoera egin zuten, eta, ondoren, Subisomasekoa. Igandean, berriz, probari amaiera emateko hiruetatik gogorrena den Aventoneko igoera egin behar izan zuten kirolariek.

Hori horrela, Etxeberriak 41 minutu eta 37 segundo behar izan zituen lehenengo bertikala osatzeko; bigarrena, 46 minutu eta 35 segundoan osatu zuen; azkena, berriz, 41 minutu eta 35 segundoan. Guztira, bi ordu, bederatzi minutu eta 47 segundo behar izan zituen hiru lasterketak egiteko, eta lortutako denborari esker lasterketako garaipena lortu zuen azpeitiarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide