Asteburua borobila izan da Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 2a, 10:10

Lagun Onak-Tolosa B partidaren une bat, atzo, Garmendipeko belar artifizialdun zelaian. (Utzitakoa)

Bi gol eta sei puntu, horixe izan da Lagun Onaken talde nagusien uzta azken futbol jardunaldian. Etxean jokatu dute biek, eta emaitza berarekin irabazi, 1-0, gizonek Durangori eta emakumeek Tolosa Bri.

Bitik bi. Joan den asteburua borobila izan da emaitzei dagokienez Lagun Onak futbol klubaren talde nagusientzat, jokoan zeuden sei puntuak Garmendipen gelditu baitira.

Izan ere, etxean jokatu dute bi taldeek azken jardunaldia. Larunbatean, Espainiako Hirugarren Mailako laugarren jardunaldiaren barruan, Durango hartu zuen Lagun Onakek, Azpeitikoekin aritutako Castillo, Aranda eta Areitioren taldea. Bero saparekin jokatu zuten neurketa, eta asko igarri zuten hori jokalariek. Partida parekatua izan zen. Durangokoak eustera zelairatu ziren, erasora baino, eta etxekoena izan zen hasieratik jokoaren ekimena. 22. minutuan iritsi zen ahaleginaren saria Fagoagak eta Saizarrek zuzentzen duten taldearentzat: partidako jokaldirik onenean, erabakiorra izango zen gola egin zuen Jagoba Erdoziak, Iñigo Ariztimuñok eskuin hegaletik bikain erdiratutako baloia buruarekin sareratuz. Neurketari bizitasuna eman zion 1-0ekoak. Hasierako asmoak alde batera utzi eta erasora jo zuen Durangok, baina Lagun Onakek ondo erantzun zuen. Hala ere, 43. minutuan, bisitarien gerturatze apurretako batean, penaltia izan zuen alde Bizkaiko taldeak, baina kanpora jaurti zuten. Bigarren zatian, nahi eta ezin aritu ziren Durangokoak. Defentsa lanean txukun eta aldaketen ondoren erasoan ere min eginez erantzun zuen Lagun Onakek; markagailuko aldea zabaltzeko aukerak ere izan zituen, baina emaitza ez zen mugitu.

Lehen lau jardunaldiak jokatuta, 8 puntu batu eta partidarik ez du galdu Lagun Onakek; hirugarren postuan dago sailkapenean. Datorren asteburuan Leioan jokatuko du.

Gizonek bezperan bezala, atzo arratsaldean ere beroari aurre egin behar izan zioten Garmendipeko belar artifizialaren gainean emakumeen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek eta Tolosa Bk. Ligako bigarren jardunaldiko partidan, estreinakoan punturik batu ez zuten bi talde aritu ziren aurrez aurre atzo Garmendipen. Lehen zatian ez zuten aurpegirik onena erakutsi ez etxekoek, ez bisitariek. Apenas izan zen gol aukerarik, baina hala ere, atsedenaldia gainean zela, Lagun Onakek izan zuen gola egiteko aukera garbi bat. Asmatu ez, ordea, eta golik gabeko berdinketarekin amaitu ziren lehen 45 minutuak. Lehen zatiko azken uneko aukera garbiak indartuta edo, atsedenaldiaren ondoren askoz hobeto aritu zen Eguzkiñe Peñak gidatzen duen taldea. 52. minutuan egin zuen Nairak neurketa erabaki zuen gola. Gehiago egiteko aukerak izan zituzten Lagun Onakekoek, baina gol bakarrarekin konformatu behar izan zuten, denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratzeko balio izan zien golarekin, alegia.

Datorren jardunaldian Hernani Bren zelaian jokatuko du Azpeitiko taldeak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide