Berokuntza sistemarik egokiena hautatzeko tailerra, gaur zortzi

Intza Trula 2023ko urr. 3a, 10:27

(Argazkia: Pixabay)

Norbere etxebizitzarako berokuntza sistemarik egokiena zein den jakiteko tailerra antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean. Ikastaroan parte hartzeko izen-ematea etzi amaituko da.

Norbere etxebizitzarako berokuntza sistemarik egokiena hautatzeko ikastaroa egiteko aukera izango dute herritarrek datorren asteartean, 18:30ean Azoka Plazako aretoan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dute tailerra, Energia Argitu programaren barruan.

Hain zuzen ere, berokuntza sistemarik egokiena zein den jakiteko, beharrezkoa da aurretik hainbat alderdi aztertzea; hala nola etxebizitza mota, jada instalatuta dauden aparatu edo hodiak eta etxebizitzaren erabilera. Bada, ikastaroaren xedea herritarrei gaiari buruzko hainbat aspektu argi uztea eta berogailu sistemei buruzko oinarrizko irizpideak ematea izango da.

Tailerrean parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, eta horretarako interesa dutenek bi bide izango dituzte; bata, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzita, eta, bestea, 605-75 76 87 zenbakira mezua bidalita (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 18:00etara). Halaber, ikastaroaren nondik norakoak ezagutu daitezke www.argitu.eus helbidean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide