Helduentzako askotariko tailerrak eskainiko dituzte urrian hasita

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 3a, 16:07

Ongizate emozionaleko iazko saio bateko artxibo irudia. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, hainbat azpeitiarrek gidatutako tailerrak eskainiko dituzte datozen hilabeteetan Basazabalen eta Damasoko udal lokalean. Hain zuzen, barreterapia, ongizate emozionala, marrazketa artistikoa eta margolanak, puntua eta joskintza zein ehuntze tailerra eskainiko dituzte. Dagoeneko egin daiteke izen-ematea.

Urritik aurrera, helduentzako hainbat ikastaro eskainiko dituzte Azpeitiko Udalak Damaso auzoan duen lokalean eta Basazabal jauregian. Damasoko lokalean hiru ikastaro eskainiko dituzte: marrazketa artistikoa eta margolanak, puntua, eta joskintza zein ehungintza. Basazabal formazio zentroan, berriz, bi ikastaro emango dituzte helduei zuzenduta: barreterapia eta ongizate emozionala. Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek, izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, saioak gidatuko dituzten pertsonekin jarri beharko dute harremanetan. 

Ikastaroen xehetasunak

Marrazki artistiko eta margolan tailerra Marian Alberdik eskainiko du Damason. Saioak astelehenetan, ostegunetan eta ostiraletan izango dira, 10:00etatik 11:30era. Alberdiren ikastaroan parte hartu nahi dutenek 663 589 985 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Puntu ikastaroa Mari Angeles Ibaietak zuzenduko du, eta saioetan parte hartzen dutenek, besteak beste, gurutze puntua, puntua eta makinako bordatuak egiten ikasiko dute Damasoko lokalean. Saioak astelehenetan eta ostegunetan izango dira, 15:15etik 17:15era eta 17:15etik 19:15era. Ibaietarekin harremanetan jartzeko 657 799 460 telefonora deitu behar da.

Joskintza zein ehuntze tailerra Lucia Sanchezek eskainiko ditu, Damason. Joskintza tailerrean, teknika ezberdinak  landuko dituzte parte hartzaileek, eta saioak ostiraletan izango dira, 10:00etatik 19:00etara. Ikasturte honetan  telarren tailerra ere eskainiko du Sanchezek, astearte arratsaldeetan. Harekin harremanetan jartzeko, 608 574658 telefono zenbakira deitu behar da.

Barreterapia tailerra Manex Beristainek emango du, Basazabalen. Hilean behin izango da, arratsaldez, taldeak erabakitako egunean (astearte edo ostegunetan). Beristainekin harremanetan jartzeko, 635 753985 telefonora deitu behar da.

Ongizate emozionaleko tailerrak Saioa Garmendiak gidatuko ditu hamabostean behin, ostegunetan, 18:15etik aurrera, Basazabalen. Garmendiarekin harremanetan jartzeko, 655 701203 telefonora deitu behar da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide