Hastear dute benetako lehia

Nerea Uranga 2023ko urr. 4a, 16:03

Juaristi ISBren eta Burgosen arteko lagunarteko partida, denboraldiaurrean. (Mikel Amenabar)

Iraurgi saskibaloi klubaren bi talde nagusiek asteburuan hasiko dituzte ligak. Juaristi ISBk Huelvaren kontra jokatuko du igandean, Azpeitiko kiroldegian. Domusa Teknik ISBk, berriz, Lleidan jokatuko du larunbatean.

Asteburuan hasiko dute denboraldi berria Iraurgi saskibaloi klubaren bi talde nagusiek. Mailan koska bat behera eginda hasiko dituzte ligak biek ala biek: Juaristi ISB Zilarrezko LEB ligan ariko da, eta Domusa Teknik ISB Espainiako LF2n. Hala izanda ere, denboraldi erraza izatea ez du espero Ibon Guridi Iraurgi saskibaloi klubaren koordinatzaileak: "Bi taldeak liga bat beherago hasiko dira, baina horrek ez du esan nahi gauzak errazagoak izango direnik. Badakigu zein ligetan jokatuko dugun, eta bietan hiri handietako taldeak dira aurkari gehienak; haiek beren helburuei aurre egiteko dituzten baliabideei aurre egitea ez da erraza guretzat".

Denboraldi guztietan bezala, partidetan lehiatzeko gaitasuna erakutsi nahi dutela esan du Guridik: "Hori da gure helburua, eta neurketaz neurketa hori lortuz gero, bide onetik ibiliko gara". Etxeko partidetan, Azkoitiko nahiz Azpeitiko kiroldegietan jokatuko dituztenetan, "zaleen indarraz baliatu" behar dutela azpimarratu du Iraurgi klubekoak. Ilusioz hasiko dute denboraldia, eta "lehiak berak izango du azken hitza".

Lehena, Azpeitian

Zilarrezko LEB ligako lehen jardunaldia, igandean, 18:00etan, jokatuko du Juaristi ISBk Huelvaren kontra, Azpeitiko kiroldegian. Igandeko neurketa prestatzeko, aurkarien bideoak ikusi ditu Yon Gonzalez Juaristi ISBren entrenatzaileak, eta "bizi ibili" beharko dutela dio: "Joko azkarra egiten duen taldea da, eta Victor Perez eta Ander Urdiain jokalariekin adi izan beharko dugu, jaurtitzaile onak direlako".

Liga "indartsu eta gogor" hasteko asmoa dute: "Gure indarra etxean jokatuko ditugun partidetan dago, zaleen indarra izango dugulako; kanpoan zailagoa da, zaleak kontra izango ditugulako".

Iraurgiko gizonen talde nagusiak denboraldiaurrean maila ona erakutsi du. "Denera, bost partida jokatu ditugu, eta lehenengo lauretan nahiko txukun aritu ginen. Azkena Huescan jokatu genuen, lau orduko bidaia egin eta gero; lehenengo zatia ona egin genuen, ez bigarrena, ordea, eta galdu egin genuen. Bidaiaren zama antzeman egiten zen. Dena den, denboraldia hasi aurretik egindakoaz sentipen ona dugu".

Aurrez lesio txiki batzuk izan dituzte taldekideek, baina astean zehar ezustekorik izan ezean, Gonzalezek taldea oso-osorik izango du lehiarako prest igandean.

Etxekoak erdiak

Domusa Teknik ISBk etxetik kanpo jokatuko du Espainiako LF2 ligako lehen jardunaldia; larunbatean, 19:00etan, Lleidaren kontra, Lleidan (Katalunia). "Liga berria izango da guretzat", adierazi du Joseba Lizarralde taldearen entrenatzaileak.

ISBren emakumeen talde nagusia ia erabat berria da: lau jokalari bakarrik dira aurreko denboraldikoak. "Hamabi jokalariko taldea dugu, eta horietatik sei Azkoiti-Azpeitikoak dira: Intza Lizarazu, Nahia Esnaola eta Nora Arozena azkoitiarrak dira; Doltza Oiarzabal, Maria Otaegi eta Alazne Lizundia, berriz, azpeitiarrak. Kataluniako talderen bat kenduta, igoal, etxeko jokalari gehien dituen taldea da gurea liga honetan", nabarmendu du entrenatzaileak.

"Talde polita" dutela dio Lizarraldek: "Esperientzia duten eta gazteak diren jokalariak batzen dituen taldea osatu dugu. Juana Molinak ere taldean jarraitzen du, eta hark duen eskarmentua garrantzitsua da".

Lizarralderen arabera, ligan maila bat gora igotzeko "aurreikuspena" duten taldeak badira, eta Domusa Teknik ISBk, berriz, sailkapenean bere tokia non duen ikusteko dago. "LF2n talde onak daude, baita gora igotzeko asmoak dituztenak ere, eta talde horiek kanpoko jokalari asko fitxatu dituzte. Nik, ordea, nahiago dut etxekoekin aritzea, era horretara, atzetik datozen gazteek erreferenteak izateko".

Denboraldiaurrean lau partida jokatu ditu Domusa Teknik ISBk, eta bakarra irabazi du. Emakumeen Euskal Kopan, baina, txapelunorde gelditu da.

 

27 saskibaloi talde

Hasi berri den saskibaloi denboraldian, Azkoitia eta Azpeitia artean, kimuen mailatik senior mailara arteko Iraurgi saskibaloi klubeko 27 talde ariko dira lehian; horietatik hamabost talde emakumeenak dira, eta hamabi gizonenak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide