Ingurukoa behatzeko gonbita

Intza Trula 2023ko urr. 5a, 11:23

Amilotx mottoduna. (Imanol Manterola)

Imanol Manterola eta Oliver Perez zumaiarrek Hurbil dituzu, behatu baino ez duzu argazki bilduma osatu dute. Urriaren 15era arte ikusi ahal izango da Azpeitian.

Imanol Manterola eta Oliver Perez argazkilari zumaiarrak dira Hurbil dituzu, behatu baino ez duzu argazki bildumaren egileak. Hasiera batean, bilduma Euskal Kostaldeko Geoparkean aurki daitezkeen hegaztien argazkiekin osatzeko asmoa zuten, baina Manterolak azaldu duenez, azkenean Euskal Herri osora zabaldu dute lan eremua. Argazkien erakusketa aste honetan zabaldu dute Azpeitiko Betharram erakusketa aretoan, eta proiektuaren azken emaitza ikusgai egongo da urriaren 15era bitarte.

Azken urteetan elkarlanean dabiltza Manterola eta Perez argazkilariak, hegaztien irudiak jasotzen eta publikoari aurkezten. Bi egileek egiten duten lana ikusi ostean, Geoparkeko kideek proiektu bat osatzeko proposamena egin zieten bi protagonistei, Euskal Herrian dauden hegaztien irudiak jaso eta ondoren bilduma bat osatzeko helburuarekin. Proposamenak eta ideiak elkarbanatu zituzten jarraian, lanari ekiteko.

"Ezkutuko ondarea"

Erakusketak geldialdi bat proposatzen du; "lasaitasun pixka bat hartzeko, ingurura begiratu eta gertu dugun horri" arreta jartzeko gonbita egiten du. Pausaldi bat egiteko eskaera da, alegia: "Adarren artean, gure begien aurrean, airea zeharkatzen duenari, basoa zein gure etxetik hurbil dagoen parkea kolorez betetzen duenari begiratzeko".

Erakusketan ikus daitezkeen txoriak ez dira apartekoak, oso ohikoak eta inguruan daudenak baizik, baina Manterolaren aburuz, gizarteak ez dio erreparatzen inguruko lurretan dagoenari, eta "ezkutuko ondare hori" irudietan harrapatu eta herritarren aurrean plazaratzea izan da zumaiarren asmoa. Hortik dator, hain zuzen ere, lanaren izenburua: Hurbil dituzu, behatu baino ez duzu. Gainera, Manterolaren esanetan, makina bat hegazti mota ikusteko aukera dago Euskal Herrian: "Kokapena dela-eta txori denak hemendik igarotzen dira urteko uneren batean", dio.

Euskal Herrian dauden eta handik igarotzen diren hegaztien zerrenda oparoa da, eta Hurbil dituzu, behatu baino ez duzu bilduman horien %10 jaso dituzte argazkilariek. Bilduma ikusgai jarri duten arren, hegaztien irudiak harrapatzen jarraitzeko asmoa dute bi zumaiarrek. Ateratako argazki guztietatik 40 hautatu dituzte Betharrameko erakusketa aretoan jartzeko; erdiak Manterolak egindakoak, eta, beste erdiak, Perezek ateratakoak. Ikusgai dauden argazki gehienak azken bizpahiru urteetan ateratakoak dira, baina zaharragoak ere badira.

Haur, gazte zein heldu da ongietorria Betharrameko aretora, publiko guztiari zuzendutako lana baita; halaber, bereziki gazteak bertaratzeko nahia azaldu du Manterolak: "Gazteak etortzea nahiko nuke, mendira joaten direnean inguruan zer duten ikus dezaten".

Pasa den astelehenean zabaldu zuten argazkien erakusketa, eta bilduma ikusteko interesa dutenek urriaren 15era bitarte izango dute hura bisitatzeko aukera; astelehenetik ostiralera, 18:00tatik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandeetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide