Ekhi Lambert musikariak entsegu irekia egingo du gaur Dinamoan

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 5a, 11:47

Lambert eta berekin ari diren musikariak Dinamoko soinuaren eremuan lanean, atzo. (Kulturaz)

Musika Bulegoak, Euskal Kultur Erakundeak, Kulturazek eta Atabal Biarritzek elkarlanean antolatutako egonaldi artistikoaren lehen zatia osatuko du gaurkoarekin (18:00) baxenabartarrak Azpeitian. Joseba Irazoki, Felix Buff, Vicent Mogel, Yoan Aroztegi eta Oihan Oliarj-Ines musikariak ditu bidelagun.

Ekhi Lambert abeslari eta musikari baxenabartarra Dinamoa sormen guneko soinuaren eremuan lanean ari da egunotan. Azpeitikoa da Musika Bulegoak, Euskal Kultur Erakundeak, Kulturazek eta Atabal Biarritzek elkarlanean antolatu duten egonaldi artistikoaren lehen zatia.

Atzo eta gaur Dinamoan ari eta arituko da Lambert, egonaldi artistiko horretan bidelagun dituen bost musikariekin batera: Joseba Irazoki, Felix Buff, Vicent Mogel, Yoan Aroztegi eta Oihan Oliarj-Ines. Eta egonaldiaren Azpeitiko atala ixteko, entsegu irekia eskainiko dute gaur arratsaldean Dinamoko soinuaren eremuan bertan, 18:00etan; ordu horretarako bertaratu daitezke Lambertek eta kideek eskaintzeko dutena entzun nahi dutenek.

Dinamoan lehen etapa osatuta, Biarritzeko (Lapurdi) Atabal aretoan izango du egonaldi artistikoaren hurrengo geltokia Lambertek .

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide