Hiri Parke Inklusibo Onenaren Saria, Kimubat Taldeak egindako jolasgune batentzat

Intza Trula 2023ko urr. 5a, 14:58

Kimubat enpresak egindako jolastokia Zumaiako Herri Eskolako Aita Mari eraikinean. (Kimubat)

Cluergalek, Galiziako Energia Berriztagarrien Klusterrak, Azpeitiko Kimubat Taldeak Zumaiako Herri Eskolako Aita Mari eraikinean sortu duen jolas eremu naturala saritu berri du.

Cluergalek, Galiziako Energia Berriztagarrien Klusterrak, Hiri Parke Inklusibo Onenaren Saria eman dio Azpeitiko Kimubat Taldeari, Zumaiako Herri Eskolako Aita Mari eraikinean egindako jolastoki batengatik. Proiektuaren ideia hezkuntza komunitatearen barruan sortu zen; izan ere, ikastetxeko patioa espazio hezigarri batean bihurtu nahi zuten, "haurren harremantzeko eta jolasteko modu berriak bultzatzeko asmoz".

Eskolako zuzendari Antxon Etxeberriak adierazi duenez "birmoldaketa horrek patioaren ikuspegi pedagogikoa aldatzea" ahalbidetu du. Horrez gainera, proiektuari esker, joko dinamika inklusiboagoak sortu direla egiaztatu dute, "baita genero ikuspegitik ere". 

Era berean, Kimubat enpresako Iban Simonek gaineratu du, parkeak eremu desberdinak dituela, baina euren artean lotura dutela: "Gune batzuk jolas fisikorako dira, eta beste batzuk atsedenerako eta jolas sinbolikorako. Gure helburua da espazioa bera izatea jolasa bultzatzen duena, eta ez elementuak".

Hiri Parkeen Lehiaketa

Galiziako erakundeak Hiri Parkeen Lehiaketa egin du bigarrengoz Santiagon (Galizia) gauzatutako Simposium Urban Solutions egitasmoaren barruan. "Sektoreko profesionalek egindako hiri-parkeen kontzeptua, diseinua, eraikuntza, egiaztapena, erabilera eta mantentze-lana aintzat hartzea" da lehiaketa honen helburua. Guztira bost sari eman dituzte eta hiri-parke inklusibo onenaren atalean Aita Mariko "birnaturalizazio pedagogiko eta inklusiboa" nabarmendu dute.

Hain justu, proiektuaren "diseinua, ingurunearekiko harmonia, irisgarritasuna, erabileraren segurtasuna, originaltasuna eta berrikuntza, jasangarritasuna, baita elementu bereziak erabiltzea eta horiek landaredia gisa integratzea ere” saritu dituzte.

Zumaiako Herri Eskolako parke naturalak bi gune nagusi ditu, eta material naturalekin osatuta daude biak: zura, soropila eta hondarra, besteak beste. Proiektuaren ideia 2017an sortu zen, eta gurasoek, udalak, ikastetxeko zuzendaritzak eta irakasleek parte hartu zuten, Kimubateko talde teknikoarekin batera. Plana hezkuntza komunitateak emandako irizpideen arabera idatzi zen, eraikuntza lanak Kimubatek hartu zituen bere gain eta obraren zuzendaritza udal teknikarien ardurapean egon zen. Lanak 2020ko urtarrilean hasi eta urtebete geroago amaitu ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide